"Izurriteak animoan eragin digu batik bat"
Orain 30 urte jarri zuten Ixiarrek eta Demetriok Urbitarte Sagardotegia martxan. Pandemiak eragindako hilabete gogorrak pasa ondoren aurrera ateratzea lortu dute.
Duela 30 urte ireki zituen ataungo Urbitarte Sagardotegiak ateak. Demetrio Terradillos eta Itziar Irastorzak 92. urtean jarri zuten martxan eta lan gogor askoren ondoren COVID-19ak eragindako kalteei aurre egitea lortu dute.
Nola deskribatuko zenukete eskaintzen duzuen menua?
Hasi ginenean sagardotegiko menua ematen genuen soilik. Baina urteak aurrera egin ahala denboraldia luzatzen hasi ginen beste modu bateko menua sartuz. Jendea gauza bera jaten aspertu egiten zela ohartu ginen eta eskaintza zabaldu genuen entsaladak, arraina eta haragiak sartuz. Perretxikuen denboraldian ere bertako zizak, gibelurdinak edota onddoak prestatzen ditugu. Ixiar emazteak egindako postre goxoak ere baditugu. Elikagaiak bertakoak eta kalitatezkoak erabiltzen saiatzen gara.
Plater bat aukeratzekotan zein?
Nik neuk txuleta eder bat aukeratuko nuke. Baina jende asko etortzen zaigu arraina jatera. Eta egun bat aukeratzekotan astelehenak eta astearteak gomendatuko nizkieke. Izen ere ni bertan izaten naiz eta nahiduenari sagardoa egiteko dugun prozesua erakusteko aukera dut.
Ostalaritzarentzat gogorra izan da azken urtea, zenbateraino eragin dizue pandemiak?
Batik bat animoan eragin digu. Golpe handia izan da, salmentak %60ean jaitsi zaizkigu. 30 mila litro sagarda sobratu dira azken denboralditik eta ozpina egitera bidaltzeko zain gaude. Irekitzen utzi diguten guztietan zabaldu ditugu ateak, ez bait genituen langileak etxera bidali nahi. Hilabete gogorrak izan dira baina piskanaka egoera hobera doala dirudi.
Aurtengo uda datu hobeak ematen ari dela dirudi, zer moduz doa zuena?
Ekainean eta uztailean jende asko ibili dugu eta abuztuko lehen aste hauetan ondo ari gara lanean. Nahiz eta urte arrunt batean bezain ondo ez gabiltzen, iazkoarekin alderatuta gorakada nabarmena izan dugu. Komentsalei dagokienean nagusiki kanpotarrak jasotzen ari gara, katalanak, iparraldekoak, kordobarrak eta valentziarrak batik bat.
Zerk egiten du Urbitarte Sagardotegia bakar?
Batetik denetik aparte gaudela, mendiz eta berdez inguratuta. Bestetik, egiten ditugun sagardo barietate desberdinak.













