«Lazkaomendira paseoan joaten naiz. Aukeran lagunekin nahiago»
Makina bat plaza eta antzokitan aritutakoa da Eider Saez, Nogen taldeko abeslari lazkaotarra. Estresetik ihes egiteko, ordea, Lazkaomendin aurkitzen du bere txoko kuttuna. Lagunekin joan eta mokadu bat egiteko leku aproposa dela dio.
Lazkaomendi Lazkaoko auzorik ezagunena da. Herrigunetik gertu egon arren, landa eremuko auzoa da. Erabat bukolikoa da. Hainbat baserri, berdegune handiak eta Aizkorri eta Aralarko bista ederrak daude bertan. Ilunsentian eguzkiak kolore bereziak ematen dizkio zeruari eta inguruari are ederrago bilakatzen da, posible bada. Eider Saez Nogen taldeko abeslariarentzat herriko tokirik politena da. «Estresak jota nagoenean paseoan joaten naiz», dio. «Aukeran nahiago lagunekin. Bateren batek plana proposatzen badu, animatu egiten naiz».
Saezek kilometro mordoa egiten du urtean zehar Nogen taldearekin hara eta hona. Etxera itzultzean Lazkaomendira jotzeko ohitura duela dio. Erlaxatzeaz gain, burua arintzen dio eta ideia berriak bilatzen laguntzen dio. Lazkao txiki ere bertakoa zen, Abalinzahar baserrikoa. Auzoak sorkuntzarako badu bai zerbait berezia.
Mokadua egiteko toki aproposa
Amondaraindik barrena erraz igotzen da Lazkaomendira. Kotxez joan nahi duenak ere erraza du, bidea asfaltatuta baitago. Goian hainbat taberna daude, giro ederrean mokadu bat jateko aproposak. Muinoaren bestaldera, Zaldibia dago. Bertatik Ordiziara ere joan daiteke, Oiangutik barrena.
San Joan baseliza da auzoko beste txoko polit bat. Lehen datuak XVII. mendekoak dira, baina baselizako San Joanen taila XV. mendekoa da adituen ustetan. Baseliza txikia da, errepidearen albo batean kokatua.













