«Adin guztietako herritarrentzat juntaleku izan da betidanik»
Mundu zabaleko zuhaitz-espezie ugari biltzeaz gain, herritarrentzako paseorako eta elkartzeko leku ere bada Idiazabalgo Txomenarena parkea. Amaia Tellerria irakasle eta idazleak hura du txoko kuttuna. Parke horren atzean dagoen istorioa ere kontatu du.
Ameriketara migratu zuten Idiazabalgo anaia batzuen ametsa bete zen; XX. mende hasieran, ez ziren gutxi izan, munduko beste aldera joan, han aberastu eta jaioterrira itzultzean, lorategi ikusgarriz ingururatutako etxetzar edo jauregiak altxatu zituztenak. Indiano-etxeak esaten zaie. Idiazabalen, ugariak dira. Txomenarena izenez ezagun dena, Altolagirre familiak eraiki zuen, aurretik toki berean zegoen baserria eraitsi eta gero.
Altolagirre familiaren ondarea, luzera, Idiazabalgo herritar guztiek jaso dute, nolabait, aspalditik, herritar guztien erabilpenerako espazio publiko baita.
Amaia Telleria idazle idiazabaldarrak ere hala nabarmendu du. «Adin guztietako herritarrentzat juntaleku da: haurrentzako, jolasleku paregabea, niretzako ere hala izan zen txikitan. Landare eta arbolen artean, ezkutaketan, eta beste hainbat eta hainbat jolas egiten nuen lagunekin; parkeko arbola handien itzalean eseri eta tertulian edo irakurtzen orduak pasatzeko leku ere bada askorentzat; azken boladan, osasun larrialdiagatik, aire zabaleko espazioak hobe direnez, Txomenarena parkean ere nabaria izan da».
Zuhaitzak, parkeko altxorra
Udaletxeak 90eko hamarkadan lorategia erosi zuen eta harrezkero, edonork bisita dezake. Indianoentzat sinbolo ziren mundu osoko zuhaitz-espezieen bilduma zabala dago, koniferoen taldeko urte askoko zuhaitz erraldoiak tarteak.