"Jendearekin kontutan ibiltzea eta dendan sortzen den saltsa asko gustatzen zaizkit"
Gazte askok uda erabiltzen duten lana egin eta esperientzia berriak bizitzeko. Garazia Garmendiak ere udan lan egin nahi zuen eta Oskarbi zapata dendako iragarkia ikusi zuenean bere aukera zela iruditu zitzaion.
Gazte askorentzat uda lan egiteko garairik hoberena da, izan ere urtean zehar ikasketak direla eta zailagoa egiten zaie biak uztartzea. Garazi Garmendia (2000) gaintzarrak ere aurtengo uda lan egiteko erabili du. Erizaintza ikasketak egiten ari da eta orain Oskarbi zapata dendan dabil lanean.
Zerk animatu zaitu udan lan egitera?
Udan lan egin nahi nuen, berdin zitzaidan non. Esperientzia berri bat bizitzeko gogoa ere banuen eta gezurrik ez dizut esango, diru pixkat bat irabazteko garaia ere bazela pentsatu nuen. Uztail hasieran Oskarbi zapata dendako Instagrameko kontuan Beasaingo eta Ordiziako dendetan lan egiteko jendea behar zutela zioen iragarkia ikusi nuen eta nire aukera zela iruditu zitzaidan. Egia da lanpostu honek ez duela hasiera batean inungo erlaziorik burutzen ari naizen ikasketekin. Baina nik antzekotasun handi bat nabarmenduko nuke, jendearekin dugun hartu-emana.
Eguraldiak eta Covid-19ak ez dute gehiegi lagundu aurtengo udan, dendan zer moduz doala esango zenuke?
Jende asko dabil, uste nuena baino hobeto ari gara lanean. Badirudi oinetakoak denok ditugula gustuko. Egia da eguraldia ez dugula alde aurten, baina hala ere gehien saltzen ari garena sandaliak dira. Nahiz eta eguraldi txarra egin urtean zehar gordeta ditugun sandaliak erakutsi nahi izaten ditugu udan. Gainontzeko lekuetan bezalaxe Covid-19ak dendan ere eragin du, batik bat ohitura aldaketetan. Orain denda barruan musukoarekin ibiltzea derrigorrezkoa da, sartzerakoan eskuak hidrogelarekin garbitu behar dira eta oinetakoak probatu ahal izateko plastikozko galtzerdiak jantzi edo oinak desinfektatzailearekin garbitu behar dira. Aforoan ere aldaketak egon dira, aldiko 8 pertsonak soilik egon dezakete establezimenduan.
Jendearekiko harremana zaila al da? Eta saltzea kanpotik dirudien bezain erraza?
Ez nuke zaila bezala kalifikatuko. Niri jendearekin kontutan ibiltzea eta dendan sortzen den saltsa asko gustatzen zaizkit. Pertsona bakoitza ezberdina da eta jakin egin behar da bakoitzera egokitzen. Eta saltzeari dagokionez, ez dut uste trebetasun berezirik eduki behar denik. Saltzaile lana eta jendearekin harremanetan egotea gustuko badituzu nahikoa dela esango nuke.
Lehen aldia al duzu lanean? Uste zenuen bezalakoa al da duzun lanpostua?
Ez da nire lehen lan esperientzia. Aurreko udetan begirale bezela aritu naiz lanean Lazkaon eta Ordizian. Gainera kurtsoan zehar euskal dantzetako irakaslea ere izan naiz. Esan beharra dut saltzailearen lana uste nuena baino gogorragoa dela. Dendan soilik lanaren zati bat ikusten da. Biltegian lan asko dago egiteko, baita online bidez egiten diren eskaerak antolatzen ere. Dendan jende asko biltzen denean guztiari erantzun ahal izateko komeriak izaten ditugu batzuetan. Gainontzean, nahiz eta esperientzia berri gehiago izatea gustatuko litzaidaken, gustura nabil eta aukera izanez gero errepikatuko nuke.