Pixkanaka badator urtaro aldaketa Ordiziako Azokara
Gaur berritasun gaztanbera eta irasagarra. Hasiak dira dagoeneko udazken eta neguan izango ditugun landareak ekartzen azokara.
Abuztuaren hirugarren astean honakoak izan dira berritasunak. Aramendi Gaztak postuko Itziar Etxeberriak gaztanbera ekarri du gaurkoan azokara. Gazta mota hau ardi gazta egin ondoren geratzen den gatzagia berotutakoan sortzen da. Freskoan jatekoa da eta 6 eguneko iraungitze data du. Bestetik, berritasuna izan da gaur irasagar-gozokia egiteko erabiltzen den irasagar fruitua, 3,5 euroan kiloa.
Perretxikuei dagokienez, guztira 88 kilo zizahori ekarri dira, 15 eta 20 euro artean kiloa. Saltsa perretxiku beltza 20 kilo, 18 eta 20 euro artean kiloa. Eta azkenik, onddoak 206 kilo, 22 eta 35 euro artean kiloa.
Urtaroz aldatzeko 35 egun falta diren honetan, azokara ekarri diren landareetan aldaketak nabarmendu dira. Iada hasi dira nekazariak udazken eta neguan izango ditugun landareak ekartzen, esate baterako, aza, azalorea, brokolia, brusela aza eta romaneskua. Baina oraindik azken tomateak erosteko aukera ere izan da. Baita denbora luzez egoten diren porrua, letxuga, eskarolak, azelgak eta espinakak ere.