Plazako orubea berritu eta gero, diseinu-definizioari helduko diote Zaldibian
Udaletxe zaharraren orubea eta berriaren ingurua urbanizatuko dituzte, batetik, hormigoizko lauzekin. Plaza berriko elementuak non eta nola kokatu zehaztea falta da. Espazio irekiez, hitzaldia
Zaldibiako plaza behin betiko nola geratuko den erabakitzeko fase erabakigarria hasi du udalak. Abuztuaren hasieran udaletxe zaharra bota ondoren, hark hutsik utzitako orubea eta udaletxe berriaren inguruko plaza konponduko dituzte, lehenik. Segidako hiru fase izango ditu: udaletxe barrena aurrena, Beti-Gazte tabernaren aldea txukuntzeko; libre geratu den orubea gero, eta Olanoetxe aldeko ertza hirugarren ekinaldian.
Ecogranic deituriko hormigoizko lauza deskontaminagarriak jarriko dituzte zorua berdintzeko, Tuteran eginak. Egunotan dira urbanizazio-lanak hastekoak.
Diseinua zehaztera
Horrekin batera, Zaldibiako plaza berria diseinatzeko eta elementuak kokatzeko fasea hasiko da. Iaz egindako Zaldibia Plazara prozesuan, zer osagai izango diren adostu zen: estalpea, haur jolas parkea, altzariak eta elementuak, sarrera-irteerak… Orain, horiek non kokatuko diren zer itxura izango duten definitzea izango da lana. «Espazioa bisualki nolakoa geratuko zen ikusi arte utzi genuen, udaletxe zaharra bota arte, alegia. Orain jada aukera badago», azaldu du jarduneko alkate Mikel Luloagak.
Xotil Natkeren hitzaldia
Partaidetza prozesuari ekin aurretik, bihar, osteguna, espazio publikoaren inguruko hitzaldia egingo du Xotil Natke arkitekto zaldibiarrak, plazan 19:00etan (euria egiten badu, udaletxean). Kontzeptua zer den eta zein garrantzia duen herritarren bizitzan sakonduko du.
Pertsonen egunerokotasuna espazioen eta horien diseinuaren eraginpean dagoela, eta ondo antolatzearen beharra nabarmenduko du Natkek, «etorkizuneko herri bizigarri bat eta gizarte justuagoa» lortze aldera.
Hurrena antolatuko dituzte bilerak eta lan saioak.












