Enrique Zalduak Dorre Bikietako atentatuari buruzko lana egin du
Dokumentala egin du, 2001eko irailaren 11n, 13an eta 17an hartu zituen irudiekin. Larunbatean, 11:00etan, dokumental emanaldia eta solasaldia egingo ditu Zumarragan
Larunbatean Dorre Bikietako atentatuaren 20. urteurrena beteko da. Enrique Zaldua zumarragarrak ekitaldi bat antolatu du gertakari hura gogoratzeko. Egun haietan New Yorken grabatu zituen irudiekin dokumental bat prestatu du eta emanaldiaren ondoren solasaldia egingo dute. Ekitaldia Zelai Arizti kultur etxean izango da, 11:00etan.
2001ean Zaldua New Yorken bizi zen eta primeran ezagutzen du Amerikako Estatu Batuak (AEB), ia 30 urte eman baititu bertan. «Herrialde osoa zeharkatu dut. Coloradon bost urte eman nituen, New Yorken zortzi eta Los Angelesen hamabi. Hiru leku horietan eman dut denbora gehien. AEBn master bat egin nuen, negozio bat martxan jarri nuen, kazetari, itzultzaile, editore eta aktore bezala lan egin nuen…».
Ondo moldatu zen, nahiz eta hango gizartea Europakoaren oso ezberdina den. «Bi gizarteek jatorri filosofiko bera dute eta garapen paraleloak izan dituzte, baina ezberdinak dira. Euskadiri eta Espainiari dagokienez, guk tradizio protekzionista dugu (frantziarra) eta AEBk, berriz, liberala (anglosaxoia)».
Dena den, New Yorkek izaera propioa duela dio. «New York ez da AEB. New York, New York da. AEBn dago, baina elementu askoren nahasketa bat da. Coloradok hobeto ordezkatzen du AEB edo AEBz dugun irudia. Los Angeles, berriz, sekulako nahaste-borrastea da: AEB, Espainia, Mexiko, Erdialdeko Amerika, Katmandu, Txina… Dena den, hispaniar jatorria oso sustraitua dago. Botere ekonomikoa anglosaxoien esku dago, baina politikoa hispanoen esku».
Irailaren 11ko goiza
2001eko irailaren 11n Zaldua New Yorken zegoen. «Oso ondo gogoratzen dut goiz hartan bizitako guztia, beharbada ondoren gertatu zenagatik. Time aldizkarian lan egiten nuen eta berandu samar joaten nintzen lan egitera, baina goiz hartan bilera bat genuen 08:00etan. Nik hartzen nuen metro linean judu ortodoxo askorekin topo egiten nuen, baina goiz hartan trena ia hutsik zihoan, beharbada oso goiz zelako. Txilaba zeramaten hiru lagun ikusi nituen, ordea. Dorre Bikien eremuan jaitsi ziren. Horrek ez du gertakariarekin inongo zerikusirik, baina oroitzapenean iltzatuta gelditu zait».
Bileran izan zuen gertakariaren berri. «Hegazkin edo helikoptero batek Dorre Bikietako batekin talka egin zuela esan ziguten. Bilerarekin jarraitu genuen. Atera ginenean, bigarren talka ikusi genuen. Ez genuen ezer esan eta gure lanpostuetara joan ginen. Argi zegoen ez zela kasualitatea. Pixkanaka informazio gehiago jaso genuen».
Beraiek ere beldurra sentitu zuten. «Time AEBko sinboloetako bat da eta atentatua baino apur bat lehenago Bin Ladeni eskaini genion aldizkariaren azala. Hori dela eta, gu ere jomugan egon gintezkeela pentsatu genuen. Gainera, nire iloba Urko bisitan joan zen. Egun hartan Empire State Building ikustera joateko asmoa zuen eta berehala deitu nion, ez zedila joan esateko. Bertara joan beharrean, kalera atera zen irudiak grabatzera. Irudi horietako batzuk larunbatean aurkeztuko dudan dokumentalerako erabili ditut».
Zalduak gogor lan egin behar izan zuen egun haietan. «Bi ordu baino gehiago eman nituen ETBrentzat hitz egiten, zuzenean. Beste komunikabide batzuentzat ere lan egin nuen. New Yorken gertatzen ari zenak sekulako garrantzia zuen eta gure lekukotza munduko gainontzeko herritarrei helaraztea bertan geunden guztion betebeharra zen». Gertakari haren ondoren, AEBk Afganistan inbaditu zuen. 20 urte ondoren, AEBk Afganistan abandonatu du. «Duela 20 urte abian jarritako ziklo geopolitikoaren amaieraren lekuko izaten ari gara. Atentatuen aitzakiarekin, AEBk munduko txoko hartan eskuhartze handiagoa izatea erabaki zuen. Zapelatzek (Dick Cheney eta Donald Rumsfeld) beraien demokrazia eredua zabaltzea eta etekin ekonomikoa lortzea erabaki zuten. Bush-ek bere agintea indartzeko ere balio izan zuen, hauteskundeak modu oso berezian irabazi baitzituen».
Atentatuak eta ondoren hartutako erabakiek mendebaldeko gizartean ere eragina izan zuten. «Terrorismoaren, islamaren, segurtasunaren… aurrean genuen jarrera aldatu egin zen. Mundua beldurtiagoa eta ezegonkorragoa bilakatu zen. Segurtasuna bortxa bidez ezartzen denean, segurtasun eza eragiten da», salatu du.
Ez du uste talibanen itzulerak gauzak asko aldatuko dituenik. «AEBko gobernuan jende azkarra badago, talibanekin negoziatuko dute. Oreka ezegonkorra lortuko dute. Diruaz, baliabideez… hitz egiten ari gara. Talibanei eta AEBko eliteei bost axola zaizkie afganiarrak».
Larunbatean, emanaldiaren ondoren, horretaz guztiaz hitz egingo dute. «Ilobak eta biok 2001eko irailaren 11n, 13an eta 17an grabatutako irudiak jaso ditut. Ez ditut editatu, New Yorken bizi zen giroa bere gordinean azaltzeko. Dorre Bikietatik Brooklyn-era itzultzen zen jendea, erreskate lanak, biktimen senitartekoek egindako bilaketa lanak, parkeetan antolatu ziren bijiliak… ikus daitezke».