Gazta protagonista frontoian, babarruna, berriz, plazan
Plazan hainbeste nabarmendu ez bazen ere, egun berezia izan zen atzokoa Ordiziako Azokan. Plazan nobedade ugari izan ziren, frutak bereziki, eta frontoian gazta txapelketa.
Asterokoa ohikoa delako, tarteka berezi batzuk egin ohi dira. Are eta bereziago egoera honetan. Atzo gaztak hartu zuen protagonismoa frontoian. Plazan berriz produktu berri ugari.
Lehen errezil sagarrak (2€/k) «gozatu eta handitzen doazen neurrian garestituko dira», zioen errezilgo J. A. Aizpuruk. Intxaur berria (5€/k), mertxika edo melokotoia (1,5€/k) «etxean hezurrabota eta etorritako arbolakoak dira», adierazi zuen Arantxa Lopetegik. Piku zuria (2,5€/k) Baliarraingo Irabiazpikoa. Baratxuri freskoak ere bai postu berean Edurnek euroan sorta.
Garaiko produktu izarra, babarruna izan da. Ez bakarra baina bai oso estimatua: babarruna. Eta moten artean beltza nabarmenena. Oso produktu preziatua. Gure artean eta mundu zabalean ere esan genezake, askoren jatekoaren oinarrizko jakia. Izenari dagokionez Euskal Herrian bertan adiera asko ditu: babarruna, indiaba, indibaba, banabarra, ilar gorria…
Prezioari dagokionez aurten 12-14€/k leka eta guzti hasi zen joan zen astean. Atzo ia aletua 13-14€/k. Urtean zehar aletua 11-13 € artean egonkortu ohi da azken urtetan. Jatorrizko izendapena lortzeak, Tolosako babarruna, ospea eman zion produktu honi eta koxka bat gora egin zuen prezioak.
Baina egiazko garestitze koxka pezetetatik eurorako aldaketan eman zen, gainerako prezio askotan bezalaxe. 1999-2001ean 1.000-1.200 pzta/k (borobildiz gaurko 6-7 €) saldu izan zen. 2002an bi diru motak genituen esku artean eta 1.200 pezetekin batera 6-7,2 € eskatzen zuten. 2003an berriz 10-12 eurora pasatu zen zuzenean. 1.000-1200 pezeta, 10-12 eurorekin parekatu izan balira bezala edota 100 pezeta balio zutenak ere euroa kostatzera pasatu ziren. Biziak garestitzera jo zuenaren seinale argiak, baita ferian ere.
Indababa beltzaz gain pintoa ere ekarri zuen atzo Arantxa Zurutuzak, 12an aletua, 11 lekan.
Bitxikeria ilarra orain
Gabiriako Anttoni Murgiondok ekarri ditu ilar kilo gutxi batzuk, «hazia jaulki eta berekasa etorritako ilar motza da», bizpahiru astez ekarriko duena. «Izan dugun eguraldi freskoa lagun etorri da, beroarekin segidan hondatzen baita ilarra, arraroa da nik ere nire oroimenean ez dut horrelakorik garai honetan bildu izana», aipatzen zuen Bekoetxekoak. Naturaren misterioak.