Igartza auzoko jaiak bihar hasiko dira, Pettiren eta Errietanen kontzertuekin
Txupinazoa 17:00etan botako dute. Haurrentzako arrantza lehiaketa eta herri kirol erakustaldia ere izango da. Festak izan arren arduraz jokatzeko eskatu dute antolatzaileek
Goierrira festak itzuliko dira aspaldiko partez. Igartza auzora, zehazki. Bihar hasiko dira festak, 17:00etan, suziriaren eztandarekin. Igarloi elkarteak antolatu ditu, beste urte batez, festak.
Jarraian hasiko dira ekintzak eta asteburu osoa hartuko dute. 18:00etan, esaterako, Pettiren eta Errietanen kontzertuak izango dira, Loinazpen; etzi mendi duatloia izango da protagonista. Goizean haurren txanda izango da eta arratsaldean, helduena. igandean, gaztetxoentzako arrantza lehiaketa eta herri kirolak izango dira. Arrantza lehiaketa 15 urtetik beherakoentzako izango da eta 08:30ean Antzizar tabernan elkartuko dira. Herri kirolei dagokienez, 12:00etan Azurmendi eta Dorronsoro aizkolariek eta Ostoloza aita-alaba harri jasotzaileek erakustaldia izango da eta arratsaldean, 18:00etan, txinga eta sokatira proba herrikoiak egingo dituzte. Sari «potoloak» iragarri dituzte.
Antolatzaileek arduraz jokatzeko eskatu dute. Kontzertuek, esaterako, edukiera mugatua izango dute eta eserita ikusi beharko dira. Horregatik egingo dituzte Loinazpen eta ez futbol zelaiaren alboko aparkalekuan.
Errepideak, itxita
Festek trafikoan ere eragina izango dute. Larunbatean, haurren eta helduen mendi duatloiak direla eta, Foru kaleko 44. zenbakitik aurrera, Errekarte, Ikasleen Zeharkalea, Karobi, Florentzio Axpe eta Loinatz auzorako bideak itxita egongo dira, 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, gutxi gorabehera, probak iraun bitartean. Garajeetako erabiltzaileek ere izango dute ibili. Gainontzean arretaz gidatzeko eskatu dute.