Landare inbaditzaileak Oria ibaitik erauzten ari dira
Oria ibaia lehengoratzeko proiekturen bigarren fasea da. Lanek hilabete iraungo dute. Ondoren, ateratakoak erre eta bertako 200 landare landatuko dituzte
Oria ibaitik espezie inbaditzaileak erauzten dabiltza egunotan. Zortzi kilometroko zatian egingo dituzte lanak. Hilabete inguru iraungo dute. Aldian-aldian, eragozpenak sor daitezke zirkulazioan. Bihar, esaterako, J.M. Iturrioz kaleko 15. zenbakiaren parean espaloia eta errepideko errail bat moztuko dituzte.
Oria ibaia lehengoratzea da asmoa. Uztailean hasi ziren lanean, zaborrak ateratzen. Orduko hartan, ia 200 kilo atera zituzten hainbat herritarren, udal gobernuko ordezkarien eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen artean; behin bazterrak garbituta, espezie inbaditzaileak kartografiatu zituzten eta orain horiek kentzen ari dira; ondoren, ateratakoak erre eta bertako espezieak sartuko dituzte: hurritza, haltza edo lizarra, besteak beste. 200 pieza landatuko dituzte, denera. Udazkenean egingo dituzte landatze-lanak, Aranzadi elkarteko botanika saileko adituek.
Beasaingo Udalarentzat «herria txukun mantendu eta natur ondarea babestea ezinbesteko» lana da, «herritarren ongizatean eragin zuzena duelako».
Arrainentzat, bidea zabalik
Bestalde, Antzizargo presa eraisteko lanak aurrera doaz. Presak erabilerarik ez zuen egun, baina arrainen joan-etorria oztopatzen zuen. Etorkizunean, presaren ordez, ia 40 metroko malda leun bat egongo da. Maldaren oinarria harri-lubetazkoa izango da. Pendoitza jada bistakoa da.