Modelismo estatikoa ikusgai
Segurako Udalak eta Gipuzkoako Modelismo Estatiko Elkarteak tailer-erakusketa antolatu dute kultur etxean. Asteburuan, egindako piezak erakutsi eta bertan lanean jardungo dute.
Segurako Udalak eta Gipuzkoako Modelismo Estatiko Elkarteak antolatuta, modelismo estatiko tailer-erakusketa egingo dute larunbatean eta igandean Segurako kultur etxeko lehenengo solairuan, goizez zein arratsaldez. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da. Makinen, pertsonen edo eraikinen miniaturazko erreprodukzioak eraikitzeko, eta batzuetan zuzentzeko zaletasuna da modelismo estatikoa.
Josu Araiztegi urretxuarra da Gipuzkoako Modelismo Estatiko Elkarteko presidentea. Azaldu duenez, «antzinako berunezko soldaduak» dira gaur egungo zaletasunaren aitzindari: «Egun batzuek hegazkinak egiten dituzte, beste batzuek tankeak edo figurak». Azken horien artean, bi arlo jorratzen dituzte: historia irudikatzen duten lanak eta fantasiazkoak. «Erromatarren garaikoak edo napoleonikoak, adibidez, eta fantasian Eraztunen Jauna filma izan daiteke».
Maketak erostea izaten da ohikoena. Margotu eta xehetasunak ematen dizkiote piezari, irudikatu nahi dutenaren arabera. Pieza hasieratik sortzea ere posible da. «Hasteko, egokiena dagoeneko sortutako pieza bat lantzea da». Araiztegik berak 10 urte inguru daramatza modelismo estatikoa egiten, eta deskonektatzen laguntzen dio.
Segurarrak animatu ditu asteburuko saioetan parte hartzera: «Afizio erakargarria izan daiteke, haurrentzat ere bai, eta pinturarekiko interesa pizteko jarduera polita iruditzen zait». Landutako materiala jarriko dute ikusgai kultur etxean Elkarteko kideek, eta nola lan egiten duten ere ikusteko aukera izango da. «Bakoitzak bere proiektua egingo du jendaurrean».
Jokoak eta txapelketak
Gipuzkoa mailako modelismo estatikoan, arlo historikoa jorratzen dutenen kopuruak behera egin du azken urteetan Araiztegik azaldu duenaren arabera, eta fantasiak, berriz, gora. «Figurak dituzten joko asko daude eta asko hortik hasten dira; beste batzuk pintatze horretan hasten dira eta hortik historikora edo beste arlo batera pasatzen dira». Txapelketak ere antolatu ohi dituzte, pandemia egoeran bertan behera geratu diren arren. Kategoriaka izaten dira sariak, irudikatu denaren arabera sailkatuta, eta sari nagusi bat ere banatzen dute.
Larunbatean eta igandean ez da txapelketarik izango, baina herritarrek Gipuzkoako Modelismo Estatiko Elkartekoek egindako miniaturazko erreprodukzioak ikusteko aukera izango dute. Ez da izenik eman behar aldez aurretik.