Goimen Goierriko Landa Garapenerako Elkarteak bultzatuta, nekazal makineriaren ikuskapen teknikoak egingo dituzte Goierrin, datozen hilabeteetan. Txanda hartu behar da.

Goimen Goierriko Landa Garapenerako Elkarteak jakinarazi duenez, Olaberrian, Idiazabalen, Lazkaon, Seguran eta Zaldibian egingo dituzte nekazal makineriaren ikuskapen teknikoak datozen hilabeteetan. Herri horietako puntu zehatzetan ikuskapen unitate mobila jarriko dute eta bertako zein inguruetako herrietako baserritarrentzat izango da. Derrigorrezkoa da aldez aurretik txanda hartzea; irailaren 13an irekiko dute epea.
Nekazal makineriaren ikuskapen teknikoa egin behar duten baserritarrek, Irungo ITV-ra deitu behar dute, 943 62 63 00 zenbakira. Ordainketa ikuskapenaren egunean bertan izango da, esku dirutan. Traktore bakoitzeko 41,88 euro izango dira. Nekazal makineriarentzako bakarrik izango da.
Herriz herri
Lehenengoa Olaberrian egingo dute, irailaren 15ean, datorren asteazkenean, eliza atzeko aparkalekuan. Hilaren 22an, aldiz, Idiazabalen izango da, Gorrotxategi granjan, eta urrian Lazkaon. Bi egun izango dira aukeran Lazkaon: urriaren 6an eta urriaren 14an, Zubierreka poligonoan biak. Seguran azaroaren 17an egingo dute, hilerri ondoan, eta hurrengo egunean, azaroaren 18an, Zaldibian, Goizaneko parkinean. Denek aukera izan dezaten, gertuen dagoen puntura gerturatzea gomendatu dute.