Udaltzaingoko lan-poltsa sortzeko prozesua abiatu du udalak
Lan-poltsa lantaldean sortuko diren hutsuneak betetzeko erabiliko da. Eskaerak aurkeztu daitezke jada, erregistro elektronikoan eta Igunean
Beasaingo Udalak udaltzainen lanpostuak aldi baterako betetzeko lan-poltsa sortzeko prozesua abiatu du. Interesatuek euren buruak aurkeztu ditzakete jada, Beasaingo Udaleko Erregistro Elektronikoan eta Igunean. Hamar eguneko epea dute horretarako. Onartutakoen artean merezimenduengatik jasotako puntuen araberako zerrenda egingo da. Udalak zerrenda edo lan-poltsa horretara joko du etorkizunean udaltzaingoan sortuko diren langile-beharrak betetzeko.
Merezimenduen artean egindako zerbitzuek izango dute pisurik handiena, hamar puntu. Lan egindako hilabete bakoitzeko 0,25 puntu emango dira; prestakuntzako jarduerek zazpi puntura arte balioko izango dute; hizkuntzek eta titulazio akademikoek, bina puntu.
Merezimenduen frogagiriez gain, NANaren, B erako gidabaimenaren, Batxilergoko edo 2. mailako Lanbide Heziketako tituluaren, 2. hizkuntza-eskakizuna betetzen dela egiaztatzen duen agiriaren eta Poliziako eta Larrialdietako Euskal Akademiak emandako Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agenteentzako prestakuntza-ikastaroa gaindituta izanaren ziurtagiriren fotokopiak aurkeztu behar dira.
Izangaiek bestelako baldintza batzuk ere bete behar dituzte: espainiar nazionalitatea izan behar dute; gizonezkoen kasuan, gutxienez, 1,65 metroko garaiera eduki behar dute. Emakumeen kasuan, 1,60 metro; Falta astuna edo oso astuna egiteagatik zigortuak ez izatea; osasun egoera onean egotea; eta nahita egindako delituren batengatik kondenatua ez izatea.













