Arrakaletatik ondutako ipuina
24. Igartza Saria Olatz Mitxelena Larretak irabazi du, 'Arrakalak' ipuinaren proiektuarekin
Igartza Literatura Bekaren 24. alea ipuin bat izango da: Arrakalak, Olatz Mitxelena Larreta oiartzuarrarena. Edonoren zaurietatik, minetatik, kezketatik… ateratako ipuin bilduma bat izango da. “Proiektuari izena ematen dion kontzeptua da, nagusiki, ipuinak lotzen dituena: arrakalak. Gure baitan, gogo eta gorputzean, zein gure arteko harremanetan sortzen direnak”, azaldu du Mitxelenak saria jasotzerakoan, gaur goizean. “Batzuk, arinagoak: eguneroko kezkak, komunikazio falta, kontraesanak… Beste batzuk, sakonagoak: obsesioak, miseriak, amatasuna, heriotza….”.
Ipuinak bere hausnarketei forma ematen ondu dituela esan du. “Eszenak etortzen zaizkit burura. Pentsamendu zatiak, irudiak, esaldiak… Pieza txikiak. Horiei forma ematen diet gero”. Halere, gogoeta unibertsalak dira, eguneroko arazoetan zentratu baita.
Errealismora ez ezik, fantasiara ere joko du. “Iruditzen zait fantasia puntu horrek aukera ematen didala errealitateaz hobeto hitz egiteko. Distantzia ematen dit”. Umoreari ere ez dio uko egingo. “Artean eta literaturan jolaserako rol hori gustatzen zait, eta gozatu egiten dut”.
Oiartzuarrak proiektu honekin bizitzaren alde iluna argitara atera nahi du. “Bilatutako zerbait da. Iruditzen zait gaur egungo joera dela bizitzaren alde ilun hori, gustatzen ez zaigun eta deseroso sentiarazten gaituen alde hori, ezkutatzea. Bizitza hori ere bada. Ipuinen bidez alde hori agertzeko”.
Irakaslea
Mitxelenak filosofia ikasketak egin zituen, baina egun euskara irakaslea da Bigarren Hezkuntzan. Hitz gutxikoa dela dio, baina hitzen zalea.
Igartza Saria lehenagotik ezagutzen zuen arren, proiektu bat aurkezten zuen lehen aldia zuen. “Esateko zerbait nuela sentitu nuen”, dio.”Beti izan dut koadernoren bat edo beste inguruan, baina inoiz ez dut ez maiz ez asko idatzi”. Halere, Azkue, Urruzuno edo Berriaren bidaia idazlan lehiaketetan hainbat sari irabaziak ditu; Bergarako idazle-eskolan ere ibilitakoa da. “Urte hasieratik kontzienteki izan ditut bi koaderno ondoan. Eta horietatik sortu da, neurri batean, ipuin hau”. Bere lehen lana izango da.