Alex Aranburu eta Gorka Izagirre, munduko txapelketara
Flandrian jokatuko da Munduko Ziklismo Txapelketa, hilaren 19tik 26ra. Bi txirrindulari goierritarrek Espainiako Selekzioarekin parte hartuko dute
Igandean hasi eta astebetez, hilaren 26ra arte, jokatuko da Munduko Ziklismo Txapelketa Flandrian. Aurten. gainera, 100 urte beteko ditu errepideko txapelketa entzutetsuak, eta beste behin ere, mundu mailako txirrindularirik onenak ariko dira lehian.
Goierriko ordezkariei dagokionean, Alex Aranburu ezkiotarra eta Gorka Izagirre ormaiztegiarra deitu ditu Espainiako Selekzioak. Ivan García, Carlos Rodríguez, Imanol Erviti, Gonzalo Serrano, Roger Adriá eta Antonio Jesus Soto izango dituzte taldekide.
Bi proba nagusi izango ditu Munduko Txapelketak. Erlojupekoa, igande honetan bertan jokatuko da. Elite mailako errepideko lasterketa, berriz, hilaren 26an; 268 kilometro izango ditu ibilbideak. Gizonezkoen bi proben tartean, emakumezkoen probak ere jokatuko dituzte, 20an erlojupekoa eta 25ean errepidekoa.