Oiangu BTT sari nagusia Euskadiko Openerako puntuagarria izango da
Gipuzkoako txapelketa ere Oiangu parkean erabakiko da larunbatean. Txirrindulariak 16:30ean abiatuko dira Goierri Eskola ingurutik. Oraingoz 80 inguru partaidek eman dute izena
Mendi bizikleta lasterketa gosez daude Bttlandia Goierriko eta Erronka Bila Kirol Klubeko lagunak. Iazko etenaren ondoren, aurten bai, Oiangu BTT sari nagusia antolatu dute, eta Oiangun, Goierriko naturgune ezagunenetakoa den honetan jokatuko dena, Euskadiko open sarirako puntuagarria ere izango da. Hori bakarrik ez, Gipuzkoako mendi bizikleta txapelketa erabakiko da bertan. Larunbatean izango da hitzordua, 16:30ean hasita. Proba honek laugarren edizioa du aurten.
Larunbateko lasterketarako ia guztia prest dute Oiangun. Azken uneko xehetasun batzuk baino ez dira falta, eta eguna iritsi bitartean, zerura begira, eguraldia lagun izatea baino ez du espero antolakuntza taldeak. Zirkuitua, aurreko edizioetan egindakoaren antzekoa izango da. Ordiziako mendi bizikleta zaletu talde batek aspaldi ireki zuen bidea baliatuko dute. Zailtasun mailari dagokionez, «euririk egiten ez badu, teknikoki nahiko exijentea, eta euria egiten badu oso exijentea» deskribatu dute antolakuntzako kideek.
Lasterketa, Goierri Eskola ingurutik abiatuko da, eta lau kilometro izango ditu. Osatu beharreko distantzia, kategoriaren araberakoa izango da: Elite eta 23 urtez azpikoek, 6 itzuli; Master 30koek, 5 itzuli; master 40 eta 50, 4 itzuli; juniorrek, 4 itzuli; emakumeek, 4 itzuli; eta kadeteek, 3 itzuli. Dena den, euriagatik, aldaketak egon daitezke.
Euskadiko onenak
Parte hartzeari dagokionez, Euskal Herri mailako txirrindulari onentsuenak bilduko ditu Oianguko probak, Euskadiko Openerako puntugarri izateak ere, erakarriko baititu, hainbat figura.
Kadeteetan, adibidez, podiumaren goren mailara igotzeko faboritoen artean dago Jokin Askarai (Caja Rural-Ikolan-Beasain) goierritarra. Promesa gazte hau, Euskadiko txapeldun izandakoa da. Larunbatean Oiangun izango dela baieztatu du.
Askarainen ondoan, eta aurretik esan bezala, txirrindularitza modalitate honetan espezialista diren kirolari onentsuenak egongo dira. Momentuz, 80 inguru partaidek eman dute izena.
Ekirock-ek girotua
Oiangu BTT sari nagusia kirol proba, musikaz lagunduta egongo da uneoro, eta hori Ekirock-ek egingo du. Horregatik, mendi bizikleta probako antolakuntzak eskerrak eman dizkiete kolaborazioagatik.
Bukatzeko, gogoratu, Oiangura kotxez gerturatu nahi duten haiei, Goierri Eskolako aparkalekua zabalik egongo dela.