Produktu ezezagunak ezagutzeko aukera
Lehen xaiotak izan dira salgai Ordiziako Azokan. Barazki eta sagar berri batzuk ere bai. Lore eskaintza aldatzen ari da udazken-neguari begira. Eta kaleetan, piper usaina zabaldu da.
Eguraldi ederrarekin, ohiko bezeroak ez ezik, kanpoko eta tartekako hainbat erakarri zituen atzoko azokak. Piper erre usaina urrutitik soma zitekeen. Aurten Etxeberria dendaren (itxia orain) kantoian oilasko erretzailearen parean ekin dio lanari urtero bezala Jose Luis Amatrianek. Oilaskoa piperrekin a ze parea!
Pikillo piperra da oraintxe Amatriainek eskaintzen duena, laster baita najerakoa eta piko ere. Erre aurretik pisatu eta 5 kilo 10 euroan ateratzen da, 10 kilo 18 euroan.
Plazan bertan Caparrosotik (Nafarroa) etortzen den bikoteak jadanik erreak ekarri ditu. Biak ala biak enkarguak hartzeko prest. Piperrak sokan ere aukeran dituzte azken horiek, 15 euroan soka edo ristra delakoa.
Barazkiei dagokionez, xaiota (3 euroan kiloa) izan da nobedade. Atzo Aramako Arantxa Zurutuzak eta Baliarraingo Edurne Jauregik ekarri zituzten. Erraz eta ugari etortzen den kalabaza familiako barazki hori ez da oraindik ezaguna gure artean, baina esan behar da 20 bat urte jadanik Aramako Sabina Amundarain zenak ekarri zituela lehenak.
Gaur egun semeak, Patxi Arizmendik, segitzen du ferian: «Amari barazki berriekin probak egitea asko gustatzen zitzaion, eta bai, xaiotak aspaldi izan genituen etxean eta hemen ferian salgai». Azen familiakoak ari dira ugaritzen; hala, Arizmendi berak bazituen brokoliekin eta azaloreekin batera, 2 euroan bakoitza.
Sagar mota berriak
Frutetan, berriz, sagar mota berriak atzo ere, bai etxekoa, topak… eta abar 2-3,5 euroan kiloa. Etxeko meloia, sandia eta mahats moskatela Puente Viejokoek (Caparroso, Nafarroa) ekarria. Geroz eta hur, intxaur eta piku gehiago ikusten da postuz postu.
Baba txiki berria
Baba txiki txuri berria Patxi Atienzak ekarri zuen, Eginotik (Araba). «Aurten, txuria bakarrik ekarri dut, gustu finagoa du beltzak baino eta gehiago gustatzen da. Beltza ez zen saltzen azken aldian. Jendeak ez du prestatu nahi», adierazi zuen Jateko eta bereziki sukalde ohiturak aldatzen ari direneko seinale bat gehiago.
Lore postuak
Lore postuak ere garaian garaira egokitzen hasi dira. Udakoak alde batera uzten ari dira polikipoliki eta hemendik aurrera nagusi izango diren udazken-neguko azalea, ziklamen edota pentsamendu gutxi batzuk ia ekartzen hasi dira.