Zaldibia, festarik gabe
Bigarren urtez, Santa Fe jairik ez dute ospatuko zaldibiarrek, eta 'ez jaien' fenomenoa eragotziko dute. Iaz bezala, ordezko, ekitaldi sorta antolatuko dute irail-urrirako. Igandean bertso saioa dago
Koronabirus izurritearen bosgarren olatua ofizialki bukatutzat eman duten honetan, eta neurri murriztaileak arintzeko iragarpenen artean, ezlekuan geratu da jaien, ekitaldien eta jende topaketen antolaketa, oraingoz. Zaldibian, Santa Fe festarik eta ordezko ekitaldirik ez dela batere egingo erabaki dute. Lehengo ostiralean egin zuten bilera jai antolakuntzan aritzen diren elkarteek, taldeek eta udalak, eta erabaki bat atera da handik: aurten ere ez da Santa Fe jairik ospatuko Zaldibian.
Udalak bere webgunean azaldu duenez, egoera ez da 2020ko berdina, pandemiaren erasanaldi bat baitzegoen duela urtebete. «Baina ez da 2019ko berdina ere». Aforo eta ordutegi murrizketak malgutuko direla dirudien arren bihar du jaurlaritzak horri buruzko bilera, «beste askok momentuz jarraitu egingo dute», gehitu du udalak. Hala, «ohiko festak» egiteko baldintzarik ez dagoela baloratu zuten ostiraleko bileran.
Udazkeneko kulturaldia
Santa Fe jaiak izango ziratekeen egunetan ez da festa-girorik bultzatuko: «Urriaren 5etik 12ra artean, ekintza zehatzen bat salbu, ez da ekitaldirik antolatuko ezta antolatzeko baimenik emango ere. Aurreikus daitekeen ez jaien fenomenoari ateak itxi nahi dizkiogu, ez dugu elikatu eta areagotu nahi», dio udal oharrak.
Festen ordez, eta iazko esperientzia errepikatuta, irailean eta urrian «hainbat ekitaldi eta ikuskizunen agenda zabala» antolatuko dute udalak eta herriko eragile taldeek.
Lehenbiziko ekimenak asteburu honetan izango dira. Autotxokeak jarriko dituzte eskola ondoko aparkalekuan, gaurtik aurrera. Irailaren 26ra arte egongo dira bertan. Barrakak gaur muntatuko dituztenez, aparkalekuaren eremu bat hesituko dute, eta ezingo da kotxerik han aparkatu, 10:00etatik aurrera.
Bertsoak bai, karrerarik ez
Udazkeneko bertso saioa izango da asteburuko beste ekitaldia. Igandean, 18:30ean, Olaldeko parkean, Iker Zubeldia, Nerea Elustondo, Maddi Aiestaran eta Andoni Egaña ariko dira, Jon Ordozgoitik aurkeztuta. Sarrera doan da, baina Karreane kultur etxean jaso behar dira aurretik.
Jokatuko ez direnak Zaldibiako Herri Krosa eta txirrindulari amateurren Zaldibia Saria lasterketak dira, larunbatean eta igandean ziratekeenak.