Goiztiri AEK euskaltegian euskara ikasteko laguntzak bideratuko ditu udalak
Euskara ikasteko aukera zabala eskainiko dute Goiztiri AEKn. Matrikula epea irailaren 24ra arte dago zabalik. Ordiziako udalak dirulaguntzak bideratuko ditu euskara ikasteko
Ikasturte berrirako euskara ikastaroak aurkeztu dituzte Goiztiri AEK euskaltegiak eta Ordiziako Udalak. Matrikula epea zabalik dago datorren irailaren 24ra arte. Ordiziako Udaleko Euskara Sailak dirulaguntzak emango ditu, nahi duen orok euskara ikas dezan. Maitane Alvarez Ordiziako Udaleko zinegotziak prentsaurrean esan duenez, «euskararen erabilera eta jakintza sustatzea ezinbestekoa dira guretzat». Horregatik, urteroko moduan, aurten ere, bideratuko dute diru partida bat.
HABEk homologatutako euskaltegietan, herritarrek doan ikasi ahalko dute euskara. Ordiziako Udalak matrikularen %100a itzuliko die aukera hori egiten duten ordiziarrei, horretarako baina, hainbat baldintza bete beharko dira (asistentzia ona,…). Urteko gehienez 500 euro izango dira, eta barnetegietarako, 650 euro.
Dirulaguntzak ere izango dira, Ordiziako Udalarekin hitzarmena sinatuta duten enpresetako, eta merkataritza ostalaritza establezimenduetako langileentzat. Kirol elkarteetako entrenatzaileek ere eskatu ahalko dute euskara ikasteko dirulaguntza.
Eskaera, ikasturtea edo ikastaroa amaitu eta ondorengo bi asteetan eskatu beharko da.
Maila guztiak
Irati Aldaz, euskaltegiko koordinatzaileak, ikastaroen, euskaltegiaren funtzionamenduaren eta harremanetarako dauden bide desberdinen inguruko xehetasunak eman ditu.
Ikastaroei dagokienez, maila guztiak eskainiko direla azaldu du, modalitate eta ordutegi aukera zabalarekin gainera: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetako ikastaroak egin daitezke aurrez aurre, autoikaskuntza edo online. Xede bereziko taldeak ere osatuko dituzte: jubilatu taldea; atzerritarrentzako harrera ikastaroa; gazte taldea; eta guraso taldea, besteak beste. Talde hauetan, matrikularen kostua udalak bere gain hartzen du ikasturte hasieran.
Informazio gehiagorako edo izena eman nahi izanez gero euskaltegitik pasa daiteke, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean, edo telefonoz 943 88 91 74ra deituta.