Kofradiakide berriei aitortza egingo diete bihar, Ordizian
Ohorezko gonbidatuak dira Nekazal Kooperatiba, Gerardo Garmendia artzaina, Ordizia Saskibaloia, Andoni Luis Aduriz eta Ivan Redondo aholkulari politikoa.
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak bere urteroko Kapitulua ospatuko du. Aurten ere, kanpotik ekarritako kofradia, kofradiakide berri eta Ohorezko kofradiakideez gain gonbidatu bereziak izango dira ekitaldian. Iaz, COVID-19agatik bertan behera geratu zen, eta aurten egingo dute 31. kapitulua.
Ohorezko kofradiakideak, Goierriko Nekazal Kooperatiba 100. urteurrenagatik, Gerardo Garmendia artzain eta gazta egile zaldibiarra, Ordizia Saskibaloia 50. urteurrenagatik, Andoni Luis Aduriz Hondarribiako Mugaritz jatetxeko sukaldaria, eta Ivan Redondo aholkulari politikoa eta enpresaburua izendatuko dituzte. Bestalde, kofradiakide berriak, Jokin Elizalde, Carlos Gonzalez, Jose Antonio Cruz eta Ana Sanzhez izango dira.
Egitaraua
Ordiziako D’Elikatuz zentroan egingo diete harrera kofradiakideei, 10:30ean. Ondoren, Jasokundeko Andre Mariaren elizara bisita gidatua egingo dute, eta jarraian udaletxeruntz joango dira, bertan egingo baita kapituluaren ekitaldi nagusia. Adur Ezenarro alkateak harrera egingo die bertan. Udaletxean gertatuko den guztia, zuzenean ikusi ahalko da YouTuben.
Ekitaldi nagusiaren ondoren, Martinez jatetxean bazkalduko dute.













