Mendira joatea ibiltze hutsa baino gehiago denean
Segurako mapa toponimiko berria oinarri hartuta ari dira egiten Bost herrien arteko IV. ibilbidea, mendian dauden leku-izenean balioa ulertzeko
Segura eta Idiazabalgo mugetan barrena egiten ari dira gaur goizean Bost herrien arteko IV. Mendi ibilaldia, Segurako, Idiazabalgo eta Zegamako mendi elkarteek, Mutiloako Txerri Gorri elkarteak eta Zeraingo Liztormendi kultur elkarteak antolatuta. Ibilgiro atseginena seguru asko ez, baina hala ere Aizkorpeko herritar dezente elkartu da gaur goizean Segurako plazan 12 kilometro inguruko ibilbidea egiteko.
Aurtengoak berezitasun bat izango du, Segurako mapa toponimiko berrian oinarrituta, mendian dauden lekuen izenen balioa ulertzeko ibilaldia izango baita, Jose Luis Ugarte legazpiarrak zuzenduta. «Leku bakoitzaren izena jakinda eta behar bezala erabiliz mendia hobeto ulertuko dugu. Mendizaletasuna ibiltze hutsa baino askoz gehiago da», adierazi dute antolatzaileek.
Segurako plazatik abiatuta, Urtsuaran eta Etxegaratetik Nafarroako galtzadan ibiliko dira, Urtsuaraneraino ailegatuz. Handik, Zorroztarriko gainera igoko dira, eta bertatik Albitzetako lepora iritsi eta Santa Barbararen beste magaletik Segurara itzuliko dira. Ixkina jatetxeak bazkalduz borobilduko dute eguna.