Abere erakusketa egiteko itzuliko da Basherri Eguna Lazkaora, igandeko ferian
Iazko hutsunearen ondotik, Lazkaoko nekazaritzaren erakustoki bihurtuko da plaza, 9. aldiz. Bost postu bakarrik jarriko dituzte. San Migel aurrea girotzeko, ‘GenEroa’ ikuskizuna eta duatloia izango dira.
Lazkaoko abeltzaintzaren eta baserriaren ispilua izango da herriko plaza igandean, IX. Basherri Egunarekin. 2012an sortutako urteroko ekitaldi hori iaz ez zuten antolatu, izurriteagatik. Aurten, modu xumeagoan bada ere, azokaren osagai batzuk behintzat berreskuratuko dituzte. Igandean, 10:00etatik 14:00ak aldera arte egongo da ganadu erakusketa.
Galera handiena janari, barazki eta bestelako nekazaritza produktuen azokak jasango du. Bost postu jarriko dituzte, denak frontoian. Horietatik hirutan salduko dituzte gaiak: Intzartzuko eta Bordaberriko artzainek gazta mahai banatan, eta Iztueta esnetegikoek esnekiak.
Horiekin batera, Iztuetagarako Euxebio Garmendiak babarrun orea egingo du. Enparandegikoek ere atonduko dute postu tematikoa: Erleen bizitza erakusketa ipiniko dute. Erleak bizirik eramaterik izango ez badute ere, erletegi baten funtzionamendua erakutsiko dute, eta eztia probatzeko emango dute.
Gainontzean, ganadua eta abereak ikusi ahalko dira, plazan. 2019ko azken ferian adinako azienda bilduko dela aurreratu dute antolatzaileek, Lazkaoko baserritarrak eta udala.
Saskiak eta bonuak zotz
Omenaldirik ez da izango aurten, ezta mokadurik jateko eta kupeleko sagardorik edateko ere. Lazkaoko Txiki Musika Eskolako trikitilariek alaituko dute goiza, baina frontoitik mugitu gabe. Haurrentzat, Iztuetako behi-puzgarria eta margoketa txokoa ere ezingo dute jarri.
Zozketa bai, egingo dituzte. Batetik, barazkiz eta esnekiz betetako bi saskikada zotz egingo dituzte postuetako erosleen artean, 13:00ak aldera. Bestetik, herriko nekazaritza sustatzeko kanpainan, udalak atera zituen bi bonu banatuko dituzte, 35na euroko baliokoak.
Ez da Basherri Eguna izango igandeko eta asteburuko ekitaldi bakarra Lazkaon. Etzi, Josetxo Imazen oroimeneko korrika proba igaroko da. San Migel aurrea girotzeko jarduera batzuk ere egingo dira, bihar. Eskola-umeentzako duatloi proba jokatuko da, 11:00etan hasita. Korrika eta mendiko bizikletarekin osatuko dute ibilbidea.
Bestetik, Kimua dantza kolektiboak GenEroa emanaldia egingo du, bihar 19:00etan, skate parkean. Sexu-genero ikuspegia lantzeko modu berritzailea aurkeztuko dute, dantza bidez eta hainbat arlorekiko loturak Ekaitz Goikoetxeak errezitatuta. Sarrera doan da, baina gonbidapenak lazkao.eus-en erreserbatu behar dira.
Asteburuko kultura eskaintzan, Maixabel filmaren estreinaldia ere bada Lazkaon. Goierriko beste areto batzuetan bezala, Arerian emango dute Donostiako Zinemaldian aurkeztu eta lehenengo asteburuan: gaur 20:30ean, bihar 19:30ean eta 22:00etan, etzi 19:30ean, eta astelehenean 21:00etan.