Festarik gabe, baina jai giroan
San Migel jaien ordezko ekitaldietan, festa giroa nagusitu da Ormaiztegin. Harrikalari txapelketan Haritz Maiz eta Leire Rodriguez izan dira onenak; tokan berriz, Ander Murgiondo
San Migel jairik ez dute aurten ospatu, bere horretan behintzat, Ormaiztegin. Hala ere, jaien ordezko moduan antolatutako ekitaldietan, festa giroa izan da nagusi.
Aurten Gizarte Etxeko belardira eraman dute festa. Umeentzako jolasak eta hamaiketakoa egin dituzte goizean, eta segidan, 29. Toka Txapelketa herrikoia jokatu dute, zubi azpian. Ander Murgiondok irabazi du saria.
San Migel eguneko beste ohitura nagusia, Harrikalari Txapelketa, etorri da gero. Aurten 25. edizioa bete du lehiaketak, eta dozenaka gaztek parte hartu dute. Gizonezkoetan Haritz Maiz (28,10) eta Borja Irizar (25,00) izan dira jaurtiketarik onenak egin dituztenak; emakumezkoetan berriz, Leire Rodriguez (10,40) eta Ane Berasategi (9,60) izan dira lehen sailkatuak.
Arratsaldean, Zu eta ni sudurluze pailazo ikuskizunarekin eta Taberna Ibiltaria taldearen emanaldiarekin jarraitu du jai giroak. Azken bi ekitaldi horiek, Zubipe kiroldegian eta sarrera aurrez eskatuta egin dituzte.
Argazkiak: Angel Elorza eta Arkaitz Apalategi