Legazpiko Erreka Egunean 550 kilo zabor bildu dituzte
Guztira 93 lagunek parte hartu dute Urola eta Urtatza erreken garbiketan. Bildutako hondakinak plazan utziko dituzte astebetez, herritarrak sentsibilizatzeko
Erreka Eguna egin dute gaur Legazpin. Guztira 93 lagunek erantzun diote udalak egindako deialdiari. Goizeko 09:30erako elkartu dira azokan, eta hamar taldetan banatuta abiatu dira; horietako 9 Urola errekan, herrigunetik Brinkolaraino, eta beste bat Urtatzan aritu dira garbiketa lanak egiten.
Goiz osoan aritu dira lanean boluntarioak, eta 12:30ak aldera elkartu dira, atzera ere. Denen artean 550 kilo zabor jaso dituzte. Inma Hernandez ingurumen teknikariak azaldu duenez, “denetarik” aurkitu dute: “txakur kakak poltsetan botata, bidoiak, musukoak, aulkiak, mota askotako metalak, pilak, bonbillak, eta baita zementu zaku bat ere”.
Udal brigadako kamioia bete-beteta joan da Urretxuko garbigunera, pixaketa egitera. Ez dituzute zaborrak han utziko, ordea. Aurreko edizioetan bezala, plazan jarriko dituzte ikusgai, herritarren artean kontzientzia zabaltzeko.