Pertsona gorren inguruko kontzientzia lantzen
Pertsona gorren nazioarteko eguna dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaur Ordizian. Ikastetxeetako ikasleek egindako marrazkiekin erakusketa jarri dute plazan. Arratsaldean, hitzaldiak izango dira.
Pertsona gorren nazioarteko egunarekin bat eginda, hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko Ordizian. Ordiziako Udalaren eta Gainditzen Tolosaldeako eta Goierriko pertsona gorren elkartearen urtetako elkarlanaren emaitza dira egun honetako ekitaldiak. Goizean, herriko ikastetxeek egindako marrazkiekin erakusketa jarri dute, Plaza Nagusian, Pertsona gorren komunikaziorako oztopoak lemapean. Ekintza horrekin, umeak txikitatik kontzientziatzea bilatzen dute, pertsona gorrek dituzten zailtasunen eta beharren inguruan.
Arratsaldean berriz, hitzaldiak izango dira. Jose Martin Saezek Euskadiko haur gorren eskolek eta pertsona gorren elkarteek, zeinu hizkuntzaren epizentro bezala daukaten rola aztertuko du. Segidan, Santiago Frigolak, Zeinu hizkuntza katalana, Kataluniako ondare linguistiko eta kulturala izango ditu hizpide. Hitzaldiak 17:30etik aurrera izango dira, Barrena kultur etxean.