Ondarre gaztandegia, geroz eta ezagunagoa
Ondarre gaztandegira bisita gidatua egin dute gaur goizean Eneko Goibururen eskutik, Ordiziako 48. gazta txapelketako irabazlearen eskutik

Duela 200 urte hasi ziren gazta egiten Ondarre baserrian, eta oraindik ere metodo tradizionala erabiltzen dute haien ekoizpenetan. Gaurko bisitan Eneko Goiburu izan dute gidari bertaratu direnek, baserrian bertan bizi den artzaia. Ardi latxak, ukuilua, artilea, Aizkorri magaletik dauden parajeak eta beste hainbat gauza ikusteko aukera izan dute bisitariek. Idiazabal Gaztaren ekoizpen prozesua ezagutzeko aukera ere izan dute besteak beste.
Bisita ugari antolatzen ditu Goiburuk urtean zehar, izan ere, geroz eta gehiago dira Ondarre gaztandegia bisitatu nahi dutenak honek erdietsitako lorpenei esker; irailean bigarren postua lortu zuen Gipuzkoako 37. Ardi Gazta Txapelketan eta gaur hirugarrena Euskal Herriko 38. Gazta Txapelketan, baina bereziena pasa den hilabetean lortu zuen, Ordiziako 48. gazta txapelketan eramandako lehenengo postuari esker. «Nire aita eta amak ere irabazi zuten Ordiziako txapelketa bere garaian, eta gainera gu goierritarrak izanik, oso berezia izan zen sari hau niretzat» kontatu du Goiburuk.