Otatza gazta da Euskal Herriko Artzai Gaztarik onena
Ordiziako Joseba Insaustik eraman du 38. Euskal Herriko Artzai Gazta onenaren saria, Otatzako gaztarekin. Bigarren postuan Infernuko Gazta sailkatu da, Kortariarena, eta hirugarrengoa Eneko Goiburuk eraman du
Idiazabalen jokatu da gaur Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketaren 38. edizioa. Koronabirusaren harira ezarritako neurriak duela egun gutxi altxatu zituzten, eta horrek eragina izan du aurtengo txapelketaren antolakuntzan, izan ere, beste urteetan baino ekitaldi gutxiago egon dira, baina horrek ez du galarazi gaur goizeko jai giroa. Bertaratu direnek herri kiroleko probetaz gozatzeko aukera izan dute txapelketak iraun bitartean, eta baita Idiazabalgo gazta paregabea dastatzekoa ere.
30 lehiakideren artetik, 14 sailkatu dira soilik, eta 14:00ak aldera, aurtengo bost irabazleen izenak eman dituzte Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. Ordiziako Joseba Insaustik eraman du aurten Euskal Herriko Artzai Gaztarik onenaren saria, Otatzako gaztari esker. Sari kontuetan eskarmentu handikoa den arren, lehenengo postu hau lortzeak ilusio handia egin diola aipatu du irabazleak: «Euskal Herrian lortu izan ditut bigarren eta hirugarren postuak, baina hauxe falta zitzaidan eta lortu dut azkenean».
Hauexek izan dira aurtengo 5 irabazleak Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketaren 38. edizioan:
- Otatza, Joseba Insausti
- Infernuko Gazta, Kortaria
- Goiburu, Eneko Goiburu
- La Leze
- Goienetxe, Beñat Egaña