Sagarrari atera diote zukua Igartubeitin
Sagardoaren Astea egiten ari dira egunotan, Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan. XVI. mendeko egurrezko dolarea martxan jarri eta bisita gidatuak egiten ari dira, garai batean sagardoa nola egiten zen azaltzeko. Gaur dute azken bisita.
Zirrara berezia eragiten du Igartubeitiko dolareak. Mendetako egurrezko egitura, baserriarren bizkarrezur dena, dar-dardaka, kasik negarrez hasten da prentsa martxan jartzen denean. Baserri osoa baitago dolarearen bueltan eraikia. Eta funtzio edo helburu garbi batekin: sagardoa egitea. Eta horixe da Igartubeitiko Sagardo Astearen barruan, egun hauetan egiten ari direna. XVI. mendean bezala, inguruetako sagarrak bildu, dolarean pilatu, egurrez jo, eta ondoren dolarean prentsatu, zuku edo muztio guztia ateratzeko.
Baserriaren ganbaran dago kokatua dolarearen prentsa, eta haren bueltan elkartzen dira bisitariak. Lau lagunen artean egiten dituzte aipatutako lanik gehienak. Beste batek, baserriaren behekaldetik buelta ematen dio prentsari eragiten dion ardatzari, hark haga edo enborra jaitsi dezan. Hark beheranzko indarra egiten dio prentsa aldenik alde zeharkatzen duen haga edo biga handi bati. Eta indar horren presioak, eta sagar multzoaren gainean kokatutako enborrek, zanpatzen dituzte sagarrak. Muztioa egurrezko egituran behera doa, ikuiluan dauden barriketaraino. Goian, prentsak bere lana egindakoan, sagarraren patsa besterik ez da gelditzen.
Bisitari ugarik izan du prozesu hori guztia eta Igartubeiti baserriaren historia eta istorioak ezagutzeko aukera, asteburuan eta zubiko egunetan. Gaur egingo dituzte azken bisita gidatuak, prentsaketak eta baita kirikoketa ere. Sagarra jotzeko pisoi edo makilekin sortzen ziren erritmo eta doinuei deitzen zaie horrela. Txalapartaren aurrekari ere izan litekeela uste da. Gipuzkoa aldean galduta bazegoen ere, Arizkungo talde bat etortzen da urtero Ezkiora, erakustaldia egitera.
Kupeletan edukiko dute gero sagar muztioa ontzen, azukrea fermentatu eta alkohol bihurtu arte, bizpahiru hilabete irauten duen prozesuan.
Azken bisita, gaur
Sagardo Asteak ostiralera arte iraungo du Igartubeitin, baina azken bisita eta erakustaldia, gaur egingo dituzte. Antzeztutako bisitaldia izango da; dolarea martxan jarri, eta kirikoketa ere egingo dute, 11:30etik aurrera. Datozen egunetan, berriz, taldeentzako hitzartutako bisitak egingo dituzte.