ZZrock, lehengora itzulera
Urte eta erdian lehendabiziko aldiz kontzertuak zutik ikusteko aukera izan da. Zumarragako Zelai Arizti parkean egin dute jaialdia, bost talderen zuzenekoekin
Asteburu honetan Zumarragan egin den ZZ Rock jaialdiak ez du iazkoaren antzik izan, zentzu askotan. Labi batzordeak osasun larrialdi egoera indargabetu duenetik Goierrin egin den lehendabiziko musika jaialdia izan da. Urte eta erdiren ondoren ikusleek zutik ikusi ahal izan dituzte kontzertuak. «Bai taldeek eta baita ikusleek ere horretarako gogoa zutela nabari zen larunbatean», esan du Borja Aranburu Zarraparra kolektiboko kideak eta jaialdiko antolatzaileetako batek.
Hain zuzen, Urretxu-Zumarragako Zarraparra kolektiboak urtean antolatzen dituen bi musika jaialdietako bat da ZZ Rock, Poligrafo Fest-ekin batera. Aurten 5. aldia izan da eta antolatzaileak gustura agertu dira. «Guztira 130 bat sarrera saldu genituen, 30 gehiago genituen aurreikusita, baina pozik gaude jendeak emandako erantzunarekin», azaldu du Aranburuk.
Rock&rolla lau haizetara
Rock musika izan zen nagusi egun osoan zehar. Eguerdiko 13:00etan eman zion hasiera jaialdiari Mundu talde donostiarrak. «Iñigo Munduate zumarragarraren taldea da eta The Ramones taldearen abestien bertsioak eskaini zituzten». Kantabriako Greasy&Grizzlyren txanda izan zen gero, «garage estiloko rock & rolla» egiten du bikote honek.
Atseden hartzeko etenaren ondotik, 18:00etan ekin zioten berriz jaialdiari, hiru talderen emanaldiekin. Bamms hernaniarrak, Mocker’ s durangarrak eta argentinar jatorria duten Capsula bilbotarrak igo ziren oholtza gainera. Hernaniarrak ikusten zituen lehendabiziko aldia izan zen Aranbururentzat eta «onerako harritu» zituela esan du. «Punk rocka egiten duen taldea da, gitarra oso landuak ditu, oso musika ona egiten dute», azpimarratu du.
Diskoaren aurkezpena
Mocker`s durangarrek hiru disko dituzte jada kalean «lehendabiziko biak ingelesez argitaratuta, baina azken hau euskarazko abestiez osatutakoa da», azaldu du Aranburuk. Rock progresiboa egiten dute eta ohiko rock abestiekin gertatzen ez den bezala, «6-7 minutu inguruko abesti luzeak egiten dituzte».
Capsula hirukote bilbotarra bere azken diskoa aurkeztera etorri zen Zumarragara. Jaialdiko talde izarra izan zen, «gehientsuenak Capsula ikusteko aitzakiarekin» etorri baitziren Aranbururen ustez. Eta emandako ikuskizunaren ondoren, badirudi ez zietela ikusleei hutsik egin: «zuzeneko indartsua daukate eta soinu aldetik ere bikain aritu ziren. Hirukote batek horrelako musika egitea ez da batere ohikoa». Guztiarekin, pozik gelditu dira bai taldeak, bai ikusleak eta baita antolatzaileak ere.