Brinkolako sagardoa, auzolanaren emaitza
Sagar uzta handia ikusita, auzo mailan sagardoa egin zitekeela ikusi zuen Brinkolako Arriurdin elkarteak. Proposamenak erantzun ona izan zuen, eta auzolanen elkartu ziren horretarako larunbatean.
Aurtengo sagar uzta oparoa, eta auzoan sortu den dinamika berria baliatuz, Brinkolako bizilagunak sagar zukua eta sagardoa auzolanen egiteko elkartu dira. Joan den astean egin dituzte lanik handienak, sagarrak biltzetik hasita eta sagardoa kupeletan sartzearekin amaituta.
Zukua Zaldibiako Goizane zentroan egin dute, eta dagoeneko botiletan ontziratuta eta edateko prest dago. Brinkolako sagastietako 500 kilo sagar erabili dituzte horretarako, eta 330 litro zuku izan da emaitza.
Sagardoa egiteko, berriz, Agerrezabal baserriko dolarea erabili dute, eta bertakoen esperientzia eta ezagutzak lagun izan dituzte prozesu guztian. Pasa den larunbata izan zuten horretarako eguna. Sagarrak bilduta zituzten aurretik, eta egun osoko lanaldian, txikitu eta zanpatu egin zituzten. Zukua upeletan ontziratu zuten gero, eta orain hartzidura prozesuaren hasieran dago. 2.200 kilo sagar erabili dituzte, eta 1.250 litro izan da emaitza. Bost hilabete barru botiletan sartu eta egileen artean banatuko dute.
Agerrezabalgo dolarea
Sagardoa Brinkolako baserrietan egiten zen lehen ere, baina azken aldian bi tokitan bakarrik. Batetik, Juan Karlos Altzelaik Igeralden egiten du, eta bestetik, Agerrezabalen. Azken baserri honetan tradizio handia du langintza horrek, eta horren lekuko da Gipuzkoako Foru Aldundiak 1932 urtean egindako sagardogileen erroldan bertako Francisco Andueza agertu izana. Haren ondorengoak diren Jose Marik eta Josebak jarraitu dute tradizioarekin ,eta urtero egin ohi izan dute sagardoa, baserriko beste etxeko Anjel Beainek eta horren familiak lagunduta.
Sagar prentsak ere baditu urteak. Litekeena da gaztetan Hernani inguruan lanean ibilitako Anjelen aitonak erositakoa izatea.
Lagun giroa nagusi
Prentsa horrek azken urteetako egunik lanpetuena izan zuen larunbatean, ia Brinkola osoko sagarrak zanpatzen. Arriurdin auzo elkarteak egindako deialdia izan da erruduna. Sagar zukua eta sagardoa auzolanean egitea proposatu zuen. Udaberrian sagarrondoak kimatzeko egin zuen tailerrean auzotarrek erakutsitako interesa izan zen abiapuntuetako bat. Auzoko sagarrondoak sagarrez beteta ikustea, beste bat.
Proposamenak harrera ona izan zuen, eta sagar zukua egiteko talde bat, eta sagardoa egiteko beste bat sortu ziren, 8-10 lagunekoa bakoitza. Parte hartu dutenek, sagarrez gain, dirua ere jarri behar izan dute, azpiegiturak osatzeko. Hasiera-hasieratik guztiek lanerako agertu duten gogoa eta izan duten lagun giroa nabarmendu ditu Arriurdineko zuzendaritzako kide den Jesus Martinezek.
Orain, sagardoaren hartzidura zaintzea eta itxarotea besterik ez da falta. Bost hilabetetan izango da emaitza dastatzeko aukera, eta nork daki, agian Brinkolak ere izango du bere Txotx festa.