Garai berriak, baina betiko izaera
Txilibutxof aisialdi taldea Atxipi bilakatu da. Asteburuan egin dute lehen ekintza irekia eta «oso gustura» amaitu dute. Aisialdiari lotuta lanean jarraituko dutela iragarri dute.
Txilibutxof aisialdi taldeak Atxipiri eman dio lekukoa. «Garai berrietara egokitu nahi izan da taldea. Etapa berria izen berri batekin irudikatu nahi izan dugu», diote Atxipiko kideek. Halere, izaera lehengoa da: Beasaingo haur eta gazteei aisialdi hezitzailea eskaintzea. Asteburuan egin zuten Atxipi izenarekin lehen ekintza irekia.
Euskal mitologiaren inguruan jolasean ibili ziren. 45 bat haur elkartu ziren, denera. Hiru eremutan banatu ziren: alde batean, galtzagorrien, Tartaloren, sorginen… mozorroak egiteko aukera izan zuten; bestetik, harria, ardia, otsoa jolasa birmoldatu eta eraztuna, artzaina, Tartalo jolasa asmatu zuten, azken honek ezkutatzen duen kondaira ezagutarazteko; azkenik, paraxutaren inguruan bildu eta Marirekin, lamiekin, Basajaunekin… jolasean ibili ziren. Antolatzaileek eta haurrek «oso gustura» amaitu zuten.
Aurrera begira
Jarraitzeko gogotsu daude. Gabonetan zamalkadan parte hartuko dute, oraindik zehatz-mehatz nolako zamalkada izango den ez dakiten arren. «Formatu zehatzik gabe gabiltza lanean, pandemiaren egoeraren arabera». Beizamarako txangoa, aldiz, ez dute egingo.
Beizamako egonaldia Txilibutxofek antolatzen zituen ekintzen artean arrakastatsuenetarikoa izaten zen. Atxipikoek eusteko asmoa dute, baina oraingoz ez antolatzea erabaki dute segurtasun neurri guztiak bermatzen ez direlakoan. «Espero dugu ekintza hau ahalik eta lasterren berreskuratzeko aukera izatea, bereziki gogoko dugun ekintza baita», zehaztu dute.