Lazkaon eskubaloi hazia ereiten
Infantil nesken San Benito OET eskubaloi taldea Gipuzkoako ligan lehiatzen hasi da. Zortzi lagun hasi dira, Lazkaon kirol horretan lehen aldiz. Zapatuan ikusi ahalko da aurreneko aldiz.
Aurreko denboraldietan saskibaloia erne eta areto futbola berreskuratu den bezala, Lazkaok beste kirol mota bat dauka 2021-2022ko sasoi honetan: federatutako eskubaloia. Infantil mailako nesken taldea lehian hasi da, lehenbiziko aldiz, San Benito OET izenpean. Ordiziako Eskubaloi Taldearen egituran eta babespean eratu dute, jokalari eta joko-zelai lazkaotarrekin.
Izatez, 2019-20 ikasturtean hasi zen eskubaloian jokatzen Lazkaoko neska talde bat. Eskola Kirolari segimena eman nahian, Ordiziako eskubaloi eskolara joan ziren, Patxi Etxeberriarekin lehen ikasgaiak hartzera. Iaz, berriz, federatu mailara igaro ziren, baina COVID-19aren pandemiak partida bakar bat jokatzea eragotzi zien, ez zelako ligarik antolatzerik izan haur mailetan.
Entrenamenduekin jarraitu zuten, ordea, Nerea Martin eskubaloilari lazkaotarraren esanetara. Lazkaora aldatu zuten entrenamendu-lekua, gainera, San Benito ikastolaren babesean, bertako jolastoki estalian.
Aurten ere han dihardute, eta ligan debutatzeko aukera izan dute. Estreinako partida urriaren 16an jokatu zuten, Ordiziako Majori kiroldegian, etxeko bezala, Lazkaoko kantxa eskubaloiraako guztiz egokitu gabe zela eta.
Lazkaoko lehen partida
Infantil liga hanka onarekin hasi zuten duela bi aste, Ordiziari 14 eta 10 irabazita. Intza Etxeberria jokalariak sartu zuen Lazkaoko eskubaloiarentzat lehen gola. Bigarren partida, larunbatean, 14-10 galdu zuten, Egiaren aurka, Donostiako Ioldi kantxan.
Elorri Barandiaran entrenatzaile dutela, zortzi jokalari ditu San Benito OET-k aurten: Legaire Andonegi, Intza Etxeberria, Irati Goena (Olaberria), Irati Gurrutxaga, Nora Iztueta (Zerain), Sara Maiz, Olaia Martin eta Arene Sukia (Ataun), denak San Benitoko ikasleak.
Iaztik kide pare bat galduta, taldea kopuruz justu antzera dutenez, jokalari gehiago animatu dituzte. Astearte eta ostegun iluntzeetan izaten dituzte entrenamenduak, ikastolan (19:00).
Bien bitartean, ligako hirugarren jardunaldia larunbat honetan 11:30ean jokatuko dute, Zarautzen aurka, San Benitoko jolastokian. Lazkaon sekula jokatu den lehen eskubaloi partida.