Liburutegien egunaren harira bi jarduera egingo dituzte Ormaiztegin
Datorren astean, E-liburutegia ezagutzeko tailer praktikoa, eta liburutegia ezagutzeko umeentzako saioak egingo dituzte.
Ormaiztegiko Udalak bat egin du Liburutegien Egunarekin. Igandean ospatu zen Nazioarteko Liburutegien Eguna, baina Ormaiztegin datorren astean, azaroaren 2tik 5era, egingo dituzte horri lotutako ekintzak. Eliburutegia plataforma ezagutzeko saioa egingo dute, batetik, eta San Andres herri eskolako haurrek liburutegia bisitatuko dute, bestetik.
Eliburutegia erabiltzaileen artean ezagutarazi eta dituen aukerak erakusteko tailer praktikoa azaroaren 4an izango da, liburutegian, 17:30etik 19:30era. Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuko teknikariek gidatuko dute saioa. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute, kultura@ormaiztegi.eus helbidera idatzita. Azaroaren 2tik 5era bitartean, berriz, Ormaiztegiko Udal liburutegira bisita gidatuak egingo dituzte herriko haurrek, liburutegiak eskaintzen dituen esperientziak bertatik bertara ezagutzeko.
Irakurle taldearen saioak
Atzoko Ormaiztegiko irakurle taldearen saioan Monica Leivarekin Cisnes salvajes liburua landu behar zuten parte hartzaileek, baina bertan behera geratu zen. Oraindik ez dute data berria zehaztu. Hurrengo saioen egutegiak berdin jarraituko du: abenduaren 14an, euskaraz, Jokin Muñozen Antzararen bidea jorratuko dute, Miriam Lukik dinamizatuta. Irakurle Gazteen Taldea ere sortzekotan dabiltza Ormaiztegin. Interesa duenak udaleko kultura sailera idatzi edo deitu dezake.