Maila goreneko bi talde ekarriko ditu Ordiziako abesbatzen jaialdiak
Gaur Madrilgo Gazteen Abesbatzak kantatuko du eta bihar, Stockholmeko Sofia Vocal Ensemble suediarren txanda izango da. Bi kontzertuak Ordiziako parrokian izango dira
Pandemiaren ondorioz, iaz izandako etenaren ondoren, bueltan da abesbatzen jaialdia Ordizian, Udaleko kultura sailak antolatuta, eta Tolosako Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketa egingo dela aprobetxatuz. Ordiziako eta Goierriko publikoak, beraz, maila handiko bi abesbatza talderen ahotsekin gozatzeko aukera izango du.
Gaur arratsaldean, Madrilgo Gazteen Abesbatzak egingo du lehen saioa. 16 eta 30 urte bitarteko 80 abeslarik osatzen dute. Gazteak izan arren, abeslari beteranoak dira jada, errepertorio zabaleko abesbatza bat eratzea lortu dute, konplexutasun tekniko eta bokal handiko obrei heltzen diete, Juan Pablo de Juanen zuzendaritzapean.
Bere ibilbide laburrean, Espainian erreferentziazko eta Europan proiekzio handiena duen gazte abesbatzetako bat izatea lortu du. 2014an sortu zenetik, hainbat kontzertu eskaini ditu kontinenteko hiri garrantzitsuenetan eta lehiaketa ugaritan parte hartu dute.
Eta bihar, osteguna, Stockholmeko Sofia Vocal Ensemble suediarren txanda izango da. Bengt Ollenek, Stockholmen sortu zuen Sofia Vokalensemble abesbatza, eta oraindik orain, bera da taldearen zuzendari artistikoa. Talde horren ezaugarri nagusia abesbatza-soinu suediarra da, hau da, soinu goxo eta liriko bat, eta nazioarteko eszenan ezagun egin da bere taula gaineko presentziagatik.
Abesbatza jaialdiko bi saioak, Ordiziako parrokian izango dira, 20:00etatik aurrera.