Ostegunetik astelehenera egingo dute Garagardo Azoka
Iazko etenaren ondoren, aurten bai, 21.enez antolatu du garagardo azoka Ordizia Rugbi elkarteak. Astelehenean bazkide eguna izango da eta paella doan izango dute
Pasa den urtean ezin izan zenez, aurten gogo bikoitzarekin antolatu du Garagardo azoka, Ordizia Rugbi Elkarteak. Festa honen 21. edizioak, bost egun iraungo ditu; bihar, osteguna, irekiko dute, eta astelehenera arte egongo da zabalik. Egunero, 18:00etan irekiko dituzte ateak, eta 00:00etan itxiko dute.
Garagardozaleek Ordiziako Beti Alai pilotalekuan dute hitzordua. Bost egun horietan, garagardo mota desberdinak dastatzeko, eta edariari laguntzeko ukondoa, saltxitxak, solomoa, eta beste batzuk egongo dira aukeran. Gainera, igandean eta astelehenean paella egingo dute bazkaltzeko. Bazkideen eguna izango denez astelehena, haientzat doan izango da paella. Eta horrez gain, janaria etxera eramatea nahiago dutenek, horretarako aukera ere izango dute.
Musika kontzertuak ere egongo dira giroa alaitzeko. Ostiralean Belack taldeak joko du, eta larunbatean, Burrunbazale Fat Dutchmen-en txanda izango da.
Eta azkenik, denda ere jarriko dute, urtero egiten moduan, taldeko kamisetak erosteko eta bazkide txartela egiteko, besteak beste.