'Ataunapp' aplikazio berrian zabalduko du udalak Ataunen informazioa
Udal informazioa eta oharrak herritarren artean zabaltzeko aplikazioa sortu du udalak. Tramiteak erraztea eta komunikazioa bultzatzea ditu helburu.
Udal informazioa eta oharrak herritarren artean zabaltzeko Ataunapp aplikazio teknologikoa hedatu du Ataungo Udalak. Orain arte gimnasioko eta boulder eskalada guneko erabiltzaileek soilik izan badute ere, aurrerantzean herritar guztiek instala dezakete sakelako telefonoan.
Zortzi atal edo funtzio egin ahalko dira aplikazioaren bidez, bi norabideetan: bai udalak herritarrei jakingarriak helarazteko, eta bai herritarrek udalari.
Ataunapp aplikazioa hiru helburu nagusitarako dela jakinarazi du udalak: «Herritarrei tramiteak erraztea, herritarren eta udalaren arteko komunikazioa bultzatzea, eta parte-hartzea bultzatzea. Horretarako, aplikazioak herritarrei galdetegiak egiteko aukera eskaintzen du».
Pandemiagatik, lokalen edukiera-mugak zirela eta sortu zuten hasieran aplikazioa. Herriko elkarte eta eragileei erakutsi zien ondoren udalak, eta herritar guztiengana iritsiko da orain. Telefonoen aplikazio-deskarga zerbitzuetan lor daiteke Ataunapp, eta norberak instalatu.
Hainbat zerbitzu
Batetik, komunikazio eta agenda funtzioa beteko du. Herriko informazioa, bandoak eta ekitaldiak agertuko dira. Kultur elkarte eta eragileek ere kudeatu dezakete, zuzenean. Era berean, elkarteekin harremanetan jartzeko bidea ere emango du.
Zerbitzuen arloan, areto eta eraikin publikoak erabiltzeko erreserbak egin daitezke. Beti hamabost egun lehenago egin behar da. Herriko zerbitzuen ordutegiak eta garraio publikoarenak ere kontsulta litezke.
Herritarrek, beren partetik, udalari edozein inzidentziren edo ekimenen berri abisatzeko ere bada atal bat.