Ataunen 40. ekitaldia beteko du igandean Hiru Auzoetako Korrikaldiak
San Martin, San Gregorio eta Aia auzoak zeharkatuko dituzte korrikalariek, 17,3 kilometroan. Izena aldez aurretik bakarrik eman liteke. Ehun korrikalaritik gora elkartuko dira
Pandemiak eragindako iazko gabezia luzatzen utzi gabe, Ataungo 40. Hiru Auzoetako Korrikaldiak igandean izango du aurtengo lehiaketa-eguna, eta Mantza zenaren oroimeneko gisa jarraipena emango dio Ataungo Atletismo Talde antolatzaileak. Ohiko neurrietan eta baldintzetan antolatu dute, eta korrika-probak ere normaltasunera itzultzen ari diren honetan, berrekin nahi diote Ataunen ere.
Zenbait moldaketa egin behar izan dituzte, ordea. Batetik, haurrentzako korrikaldirik ez da egingo. «Distantziak mantentzeko eta segurtasun arauak ziurtatzeko konplikatua ikusten genuen, eta umeena kendu dugu aurten», azaldu du antolakuntza taldeko Igor Aierbek.
Bestetik, izen-ematea aldez aurretik bakarrik egin ahalko da, kirolprobak.com webgunean. Egunean bertan ez dute korrikalari gehiagorik onartuko.
17,3 kilometroko ibilbidea
Hiru Auzoetako Korrikaldiak Ataungo hiru auzune nagusiak lotuko ditu, joan-etorriko bidean. San Martin auzoan izango dira hasiera eta bukaera, eta San Gregoriotik aurrera Kaxetaraino, Aia auzora igo, eta atzera bide beretik itzuliko dira helmugaraino, beherantz beti. 17,3 kilometroko lasterketa gogorra da, aldapagatik.
Helduen proba nagusia bakarrik egingo da, horrenbestez. 11:00etan abiatuko dira. Bi orduan amaitu beharko da, luzeenera jota. Irteeran, partaide guztiek musukoa jantzita egon beharko dute, abiatu arte.
Ehundik gora espero
Hiru Auzotako Korrikaldiak 300 atletatan dauka jarrita gehieneko partaide-muga. Ez dirudi horraino iritsiko denik; atzo eguerdian, 82 lagun zeuden izena emanda baieztatuta, kirolprobak.com webgunean. Izen-ematea 12 euro da.
Lasterketak ugaltzen hasi dira berriro han eta hemen, eta izurritearen bukaera ondorengo korrika gosea toki askotan zabaldu da berriro. Hala ere, Ataunen iganderako ehundik gora korrikalari elkartzea espero dute antolatzaileek. 40 ekitaldiko historian, kopuru hori izan da gehienetan mantendu dena, nahiz eta noiz edo noiz 200 lagunetik gertu ere bildu izan diren.
Sariak eta gainsariak
Betiko legez sarituko dituzte korrikalariak Ataungo proban. Lehen hiru sailkatuek, lehenengo beteranoak (emakumeak 40 urtetik gora, gizonak 45 urtetik gora), lehen herritarrak eta lehen herritar beteranoek jasoko dituzte sariak, gizonetan zein emakumetan. Partaide guztiei herriko produktuen sorta bana oparituko diete.
Korrikaldiko probaren denbora-errekorrak hausten dituztenek, bestetik, 300 euroko gainsaria jasoko dute. Gizonezkoetan 54:10 minutuan dago jarrita marka, eta emakumezkoetan 1:06:00 orduan.