Euskal Mendi Federazioaren gala Ordizian egingo dute
Ordiziako Mendizaleak elkarteak 75. urte bete dituelako egingo dute Ordizian. Federazioaren eta Pyrenaica sariak banatuko dituzte Herri Antzokian
Ordiziako Mendizaleak elkarteak, iaz, 2020 urtean, bere 75. urteurrena bete zuen. Urteurrena ospatzea zen elkartekide guztien nahia, baina COVID-19 testuinguruak hala behartuta, egoera hobetzen zenerako utzi zuten. Baina aurten bai, ospakizun garrantzitsu hori ospatzeko moduan daude. Eta hain zuzen ere, bihar, ostirala, gala berezi berezia egingo dute Ordiziako Herri Antzokian. EMF-ak (Euskal Mendizale Federazioak) eskaini zien bere urteko Gala Ordizian egitea. Bertan, urteko mendiko jarduera garrantzitsuenak saritzen dira,hala nola: eskalada, eskia, mendiko lasterketak eta hainbat errekonozimendu.
Era berean, gala honen barruan, Pyrenaica aldizkariaren sariak banatzen dira, alde batetik idazkiak, eta bestetik, argazkiak.
Hitzordua, esan bezala, Herri Antzokian izango da, 19:00etatik aurrera, eta herritar guztiak gonbidatuta daude ekitaldia parte hartzera.
Federazioaren sariak
Mendiko lasterketaren saria, Irene Sarrionandia Unzuetak eta Asier Irabazal Basterretxeak jasoko dute. Andres Espinosa saria Eneko eta Iker Pau anaientzat izango da. Angel Sopeña saria kirol eskalako jarduera onenari, Mikel Linazisoro Molinak jasoko du. Andres Regil saria mendiko eskiko jarduera onenari Igor Alzelai Ormazabalek jasoko du. Ibilbide onenari saria, Gasteiz Mendi Taldearentzat izango da.
Euskal Mendizaletasunaren adiskideak saria, Iñaki Garzia Uriberentzat da. Loli Lopez Goñi saria emakume mendizaleei, Silvia Trigueros Garrotek jasoko du. Ordiziako Mendizaleak taldeak, 75. urteurrenagatik oroigarria jasoko du. Eta azkenik, Ketxus Barandiaran Uraldek, egin duen ibilbide profesional bikainagatik, aipamen berezia egingo diote.
Pyrenaca sariei dagokenez, emakumeen blogaren 11. sarian bi kategoria daude. Bisita gehien izan dituen sarrera, Mati Sanz-en Pagasarri y Ganekogorta. La inusitada importancia de los montes de al lado de casa. Sarrera gehien izan dituen kolaboratzailea, berriz, Esther Merino izan da. Blogaren 5. sarian ere bi kategoria bereizi dira. Bisita gehien izan dituen sarrera, Alberto Mellaren, Euskal korrikalariak konfinamenduan.
Bestalde, mendi argazkien lehiaketan, Carlos Mediavilla Arandigoien da irabazlea, Barranco del rio Agaunza (Ataun) izeneko argazkiagatik. Eta mendi artikuluen lehiaketako sari nagusia, Jose Javier Maeztuk jasoko du, El karst en las montañas de Euskal Herria lanagatik.