Igartzako emanaldia diskoan jaso dute Senperenak eta Ansorenak
‘Euskal Danbolinaren Aroak’ izenburupean, pedagogia, historia eta esperimentazioa uztartu dituzte Joserra Senperena pianojoleak eta Jose Inazio Ansorena txistulariak.
Musika munduan ibilbide luzea egin duten bi lagun, Joserra Senperena pianojolea eta Jose Inazio Ansorena txistularia, Beasaingo Igartza jauregian elkartu ziren, joan den apirilean. Kontzertu berezia egin zuten, Euskal Danbolinaren Aroak izenburupean. Izan ere, emanaldiak arlo pedagogikoa, aldarrikapen historikoa eta soinu esperimentazio garaikidea uztartu zituzten bertan. Kontzertu hura grabatu egin zuten, eta orain atera dute argitara, CD formatuan.
Lan horren oinarrian, 2006. urtean bi artistek grabatutako Chillida-Lekutik lana dago. Bilduma haren haritik tiraka sortu zen bigarren ikuskizuna, eta orain, diskoarekin borobildu dute ibilbidea.
Joserra Senperenak bakarkako hamaika disko argitaratu ditu, eta beste hainbat eta hainbat artista eta talderekin ere kolaboratu izan du. Azken aldian, zinemarako musika konposatzen ere ari da. Jose Inazio Ansorena, berriz, Mirri pailazoaren rolean egin zen ezagun, baina txistuari lotuta ibilbide luzea egin du. Donostiako Udal Txistulari Taldeko zuzendari izan da urte askoan, eta txistuaren ikerketan eta pedagogian ere jardun izan du. Bakarlari gisa, pianisten laguntzarekin nahiz Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin hainbat disko argitaratu ditu.