Isurpenak gutxitzeko aholkuak herriz herri eramango ditu Goiekik
Berotegi-efektuko gasak nola txikitu erakusten duen erakusketa ibiltaria aurkeztu dute Beasainen. Egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du. Goierri beheko herri guztietan izango da
Goiekik eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen sailak Energia eta mugikortasuna. Etorkizuneko gakoak Goierrin erakusketa ibiltaria inauguratu zuten atzo, Beasaingo Igartzako errotan. Tokia propio aukeratu zuten, XVII. mendeko errotak erakusten baitu energia era garbian eta amaigabean lor daitekeela, berotegi-efektua eragiten duten gasik isuri gabe.
Erakusketa hamasei muralez osatuta dago, eta gaiaren inguruko informazioa eta isurketak gutxitzeko hamar aholku jasotzen ditu: garraio publikoa lehenestea edo modu eraginkorrean gidatzea, adibidez. Laiako hezitzaile bat ere bertan izango da.
Goierri beheko herri guztietatik igaroko dela aurreratu dute. Ordizian, Olaberrian eta Lazkaon jada izan da; azaroan Ataunen, Itsasondon, Ormaiztegin, Mutiloan, Legorretan, Zegaman eta Seguran izango da; abenduan, Zaldibian eta Idiazabalen.
Beasaingo eskolatako DBHko eta Batxilergoko ikasleak izan ziren lehen bisitariak. Mikel Plazaola garapen agentziako presidentea, J. I. Asensio Ingurumeneko Diputatua eta Leire Artola alkatea ere bertan izan ziren.
Plazaolak gogorarazi zuen Goiekik martxan duela berotegi-efektuko gasak txikitzeko plana. Asensiok Foru Aldundiak 50.000 euro bideratzen dituela horretara gaineratu zuen. Mugikortasun ohiturak eta energiaren jatorria aldatzea «ezinbestekoa» dela ere esan zuen.