Mahai inguruko bertso saioak, Hitzetik Hortzeran
Urte eta erdiko etenaren ondoren, bueltan dira bertso-otorduak, eta gai hori izango dute hizpide, aste honetako Hitzetik Hortzera telebista saioan. Tartean, hainbat goierritar ariko dira.
Pandemiak bertsolaritzan ere izan du eragina. Urte eta erdiz, mahaiaren bueltako bertso saiorik ez da egin, baina neurrien irekitzearekin batera, hasiak dira aurreneko bertso-bazkari eta bertso-afariak egiten. Gai hori landuko du Hitzetik Hortzera telebista saioak, aste honetan. Eta hainbat goierritar izango ditu protagonista, gainera.
Batetik, asteburuan Errezilen egin duten bertso-afaria aitzakiatzat hartuta, Iker Zubeldia eta Maialen Akizu bertsolariekin izan dira. Bertsotan aritzeaz gain, solasaldia ere egin dute saioko kazetariekin. Erniarraitz Bertsozale Elkarteko Jon Gurrutxagarekin ere hitz egin dute.
Bestetik, Zaldibiako Zapi-Janztea bertso-bazkari eta lehiaketa izango dute aipagai. Laugarren edizioa izan du aurten, eta Nerea Ibartzabal, Andoni Egaña, Maialen Akizu eta Jon Maia aritu dira bertsotan.
Saioa larunbat gauean emango dute, 21:00etatik aurrera, ETB1en, eta noiznahi, EiTB Nahieran atarian.