Urtea joan, urtea etorri, hilobiak apaintzeko usadioa bizirik
Lore salmentak markatu du beste behin ere urriko azkena eta Santu Guztien egunaren aurreko azoka. Azken urteetan, lore aukera asko zabaldu da. Hilobietara joateko ohitura aldatu egin da.
Joan zen astean ia lehen zentroak ekarri zituen M. Dolores Mendizabal aramarrak. Enkarguak hartzen ere hasi zen. Baino atzo, goizean goizetik, etenik gabe, esku bete lan izan zuten lore saltzaileek. Lorez hilobiak apaintzeak bizi-bizi dirau. Egiteko modua asko aldatu da azken urteetan. Lehen etxeetan, baserrietan propio garai honetan loratzen ziren landareak jartzen zituzten, hilobiak apaintzeko puntu-puntuan izango zirenaren esperantzarekin.
Krisantemoa zen batez ere ikusten zena. Kanpo santu lorea ere esaten diote batzuk, eta «tristura ematen dit» entzutea ere tokatu izan zaigu, oroimen minak dakartza nonbait. Honen jatorrira joz, Txinan landatu omen zituzten lehenbizikoz Chrysanthemum generoko espezieak, K.a. XV. mendean. Europara XVII. mendean ekarri zuten. Loreak zuriak, horiak eta arrosa kolorekoak izan ohi dira. Berez, egun argia mozten hasten denean ematen dute lorea, hau da, ipar hemisferioan, azaroan, eta, hego-hemisferioan, aldiz, apirila-ekainean; gaur egun, ordea, urte osoan lorarazten dituzte helburu komertzialetarako. Azokan garai honetan ekartzen dituzte.
Aukera handiagoa
Azken urteetan, lore aukera asko zabaldu da. Landare biziak eta moztutako lorekin egindako zentro eta sortak daude aukeran. Prezioari dagokionez ikaragarrizko aldea dago. Neguko pentsamendu, biola, antirhinium, azalea, ziklamen eta holakoak, neurriaren arabera 1,20 eurotik 25 euro bitartean eros daitezke. Ontzia aparte. Atzo lore moztuekin egindako zentro garestiena 116 eurokoa zen.
Hilerrira joateko ohitura aldatu egin da. Batzuentzat oso hitzordu berezia eta intimoa da. Beste batzuk lorezalearekin adosten dute zein hilobitan jarri behar duen. Zenbat buru, hainbat aburu.