VII. Cava festa ospatuko dute Zegaman bihar eta etzi, eskolako patioan
Zegamak Sant Sadurni d'Anoia Kataluniako herriarekin duen senidetzea dela eta egin ohi dute festa. Urtero bezala, aurten ere zortzi cava desberdin izango dira aukeran, 20:00etatik 01:00era
Bihar eta etzi Zegamako zazpigarren Cava festa ospatuko da, Zegamako Udalak, Amezti elkarteak, Tartalo Elkarteak, Karraztaro ehiza elkarteak, Orkatz abesbatzak, Gazte Herexak, Jubilatuen Elkarteak, Elkartu Nahi Txirrindulari Elkarteak eta Kasino Elkarteak antolatuta. Eskolako patioan izango da festa, 20:00etatik 01:00era, eta zortzi cava mota desberdinez gozatzeko aukera izango dute inguratzen direnek. Sant Sadurni d’Anoia herriarekin du senidetzea Zegamak, eta bertako urrezko produktua denez cava, 2014an ekin zioten urtero festa antolatzeari. Iaz, bertan behera geratu zen Covidagatik eta aurten berreskuratu dute.
«Azken finean Kataluniako herri honekin senidetzea kulturak eraman gaitu eta beraien kulturan sartzen da cava ere», adierazi du Izaskun Igoa gazteria eta kultura zinegotziak. Aukeran izango diren zortzi caven artean, batzuk urtero ekarritakoak dira, eta beste batzuk berriak edo gutxiagotan ekarritakoak. Oliver Viticultors, Freixenet Trepat Rose, Capdevilla Pujol Reserva Nature, Grimau Brut Nature, Gemma, Raventos i Blanc Blanc de Blancs, Llopart Brut Nature Reserva edota Blancher Brut Nature Gran Reserva edateko aukera izango da. Botilak 9-13 euro artean balioko du, eta kopak 2-3 euro. Jatekoak ere egongo dira, hala nola, oilaskoa, solomoa, entsalada, txorixoa edo ajoarrieroa.
Autobus zerbitzua
Osasun egoera dela eta, jateko eta edateko izan ezik uneoro musukoa jantzita izateko eskatu die udalak herritarrei. Mahaiak erabili ondoren bakoitzak berea jasotzea ere eskatu dute.
Zegamarrez gain, inguruko goierritarrek ere aukera izango dute Zegamara gerturatu eta cava dastatzeko. Ohiko lineako autobus zerbitzua egongo da iluntzean Zegamara joateko, ostiralean eta larunbatean. Gaueko 24:10ean eta 01:55ean, berriz, Beasain aldera itzultzeko autobusa egongo da bi egunetan.
Cava izango da protagonista bihar eta etzi Zegaman. Sant Sadurni d’Anoia Kataluniako herriko altxor kulturala den cavaz gozatzeko aukera izango dute goierritarrek eskolako patioan bi egunez.