Joseba Insaustik eta Mari Jose Alkaiagak jantzi dute txapela aurtengo Ardiki Egunean
Joseba Insaustik 23. Aralarko Gaztaren saria irabazi du, eta Mari Jose Alkaiagak, berriz, 26. Zaldibiako Mondeju Zuriarena
Dultzainero, albokari, txistulari eta trikitilariek alaitutako kalejirarekin eman diote hasiera zaldibitarrek 26. Ardiki Egunari. Ardiki Elkarteak urteroko lehiaketarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu zuen duela 15 egun, eta neurri guztiak errespetatzeko asmoz antolakuntzan hainbat aldaketa egin dituzten arren, jai giro itzela egon da Zaldibian goizetik eguerdiraino.
Bertsolariak kantari ziren bitartean, mondejuak dastatzeko aukera izan dute bertaratu direnek herriko plazan. 18 epaileak ere halaxe aritu dira mondeju zuria zein gazta dastatzen, horietatik hoberena zein zen aukeratzeko asmoz. 13:30etan eman diote hasiera aurtengo Ardiki Egunaren sari banaketari, Sebastian Lizaso eta Iker Zubeldiaren eskutik. Bertsolariek kantuz jakinarazi dituzte 2021eko irabazleen izenak.
Mondeju lehiaketan Mari Jose Alkaiagak jaso ditu saria eta txapela publikoaren txalo artean. Bigarren postua Zaldibiako Modes Sukiak eta Josune Etxeberriak lortu dute, eta hirugarrena, berriz, Illati tabernako Maixabel Urkolak.
Aralarko gazta txapelketan ere maila altua egon dela adierazi dute bertsolariek, eta aurten Joseba Intsausti izan da garaile; berak ezin izan duenez bertaratu, bere aita Joxek jaso ditu txapela eta saria. Bigarren sailkatua Troskaetako Josu Aldasoro ataundarra izan da, eta hirugarrena Zeraingo Garoa elkartea, Jon Harreuguy eta Martina Urbiztondorekin.