Lursailak topografikoki mugarrituko dituzte Ataunen eta Olaberrian
Landa-lur izaerako sail guztiak mugatuko dituzte, partikularrak ere bai. Bi udalerriek Geograma enpresa kontratatu dute lana burutzeko. Jabe askok ez dakite sarritan euren lurren mugaketa
Ataungo Udalak eta Olaberriko Udalak, bakoitzak bere aldetik, zeregin berberaren berri eman dute, aste honetan. Herriko landalur izaerako sail guztiak topografikoki mugatzeko lana gauzatuko dute, biek ere Geograma enpresa kontratatuta. Jabetza partikularreko lursailen mugak zeintzuk diren ez jakiteak, eta jabeek edo euren oinordekoek informazioa galdu izanak bultzatu ditu udalak lan hori egitera.
«Landalurren jabeek edo oinordekoek askotan ez dute jakiten mugak edo mugarriak non dauden. Horrek nahasmena sortzen du, utzikeria ere bai, eta batzuetan sesioak ere sortzen dira mugak direla eta», ohartarazi zuen atzo Ataungo Udalak.
«Landalurren jabeak edo oinordekoak ahaztu egin dira edo ez dute ezagutzen beren lurren berri. Mugarriak eta mugak nahasiak dira, edo, besterik gabe, desagertu egin dira. Horren ondorioz, mendia ez da zaintzen, eta ondorio larriak ditu landa-eremuan», azaldu du, bere aldetik, Olaberriko Udalak.
Egoera hori irauli nahian eta landalurren mugak finkatu nahian, Geograma enpresaren zerbitzuak kontratatu dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuaren %50eko finantzazioa jasoko dute.
GPSarekin zehaztuko dira
Lursail partikularren mugarriketa topografikoki egingo dute. Mugetan egon daitezkeen akatsak argitu eta zuzenduko dituzte lehenengo, eta ondoren GPS kokapen sistema digitalarekin zehaztuko dituzte mugak eta mugarriak non diren.
Olaberriko Udalak jabeen laguntza eskatu du, ezinbestekoa delako. Mugakide diren beste jabeekin adostu beharko dituzte mugak eta mugarriak. Landalur izaerako Olaberriko lursail guztiak topografiatuko dituzte.
Ataunen ere «ahalegin handia» egingo dute, eta jabeen laguntza eskatu du udalak. Mugak garbitu eta kokatu beharko dituzte, topografoen lana errazteko. Lehenik, 1, 2 eta 3 poligonoetako lursailekin hasiko dira.
Lana egin ondoren, koordenatuetan finkatutako mugen eta mugarrien planoak emango dizkiete jabeei (doan), eta katastroan zuzenduko dira datuak.
Baso sailak erosteko prozesua hasi du Olaberriak
Olaberriko Udalak ireki du baso lurrak erosteko iragarri zuen asmoa. Bertako zuhaitz espezieak ez dituzten basoen ordez, baso autoktonoak sortzeko eta ingurumen aberastasuna ziurtatzeko ekimenaren barruan kokatu du erosketa.
Baso lur partikularren jabeek udalari jakinarazi behar diote saltzeko prestasuna, hurrengo hilabete batean. Udalak, metro koadroko 0,50 euroko gehienezko prezioa jarri du. Sailaren eta bertan dagoen basoaren tasazioa teknikari batek egingo du. Jabe guztien adostasuna eta zergak eguneratuta ordainduta edukitzea beharrezko dira