Angel Elorzak argazki erakusketa ireki berri du Muñoz jatetxean
Munduan barrena egindako bidaietako argazkiak jaso ditu argazkilari ormaiztegiarrak. Erakusketa hilabetez egongo da ikusgai.
Angel Elorza ormaiztegiarrak argazki erakusketa jarri du ikusgai Ordiziako Oteginea auzoko Muñoz jatetxean. Hilabete batez egongo da ikusgai, taberna irekita dagoen ordutegian. Tabernara sartu eta ezkerraldean eskegita ikus daitezke lanak. Munduko 18 herrialde desberdinetan ateratako argazkiek osatzen dute erakusketa, lau kontinentetan egindakoak: Afrikan, Asian, Europan eta Amerikan. Azken horretan, Erdialdeko Amerikan ibili da, Karibe inguruan.
Beste hainbat lekutan ere ibili izan den arren, 21 argazki hautatu ditu Elorzak. Azaldu duenez, erakusketako argazkirik zaharrena «1997koa da, Kuban, eta azkenekoa duela bi urte ingurukoa, Norvegian». Lurralde bakoitzeko gizartearen isla dira argazki batzuk, baina gehienak paisaiak dira. Urte luzez Irizarren lan egin eta jubilatuta dago orain Elorza, eta argazkilaritza du afizio.
Manolo Salgado ordiziarrak proposatuta egin du erakusketa. «Hilabetero erakusketa desberdin bat antolatzen ibiltzen da. Pandemia garaian jarri behar genuen baina azkenean atzeratu egin da». Tartean, Indonesia, Italia, Portugal, Danimarka, Kroazia, Dominikar Errepublika, Mexiko, Tunez edota Suitzako argazkiak biltzen ditu.
Diapositibetan
Kamara ezberdinak erabili izan ditu 90eko hamarkadatik egunera. Egipto eta Kuban ateratakoak diapositibetan zeuzkan, eta «eskaneatu eta paperera pasa» ditu. «Erosotasunagatik», gaur egun kamera digitala soilik erabiltzen du.