Ataunen festak ospatuko dituzte berriz, San Martin auzoan gaurtik
San Martin eguna da gaur, eta eguerdian botako dute txupina. Patata-tortilla lehiaketa eta afaria egingo dituzte arratsean. Arduraz jokatzeko eskatu die udalak herritarrei
Bi urteren ondoren, herri festen ospakizuna gaur itzuliko da Ataunera. Covid-aren pandemiak galarazi ditu 2020ko eta 2021eko gainerako jaiak, eta urteko azkenekoak, San Martin auzokoak, egitea erabaki du bertako Festa Batzordeak. Lau eguneko egitaraua prestatu dute, gaurtik igandera.
Ekitaldi xumeak izango dira asko, gehienak jan-edanarekin zerikusia daukatenak. San Martin zaindariaren egunean, gaur, meza nagusia izango da goizean aurrena, eta 80 urte bete dituztenei oroigarria banatuko diete ondoren, plazan muntatutako karpan. Salda banatuko dute, eta bertsolariak ariko dira.
2019an azkena egin ziren jaien antzeko egitura izango dute San Martingo festek. Patata-tortilla lehiaketaren ohitura mantenduko dute gaur, eta haiekin eta etxetik norberak eramandakoekin, afaria egingo dute karpan. Bihar kuadrillen eguna da, eta larunbatean haurrena eta mozorrotuena.
Arduraz ibiltzeko deia
Ataungo Udalak, bere aldetik, osasun egoera aldatu dela aitortu dute, Aian eta San Gregorion festak tokatzen ziren garaitik. Baina oraindik egoera «nahi bezain ona» ez dela iritzi dio, eta aurreko asteetan ere «okerrera» egin duela gogorarazi du. Hala, osasun-segurtasun arauak «zorrotz» betetzeko eta arduraz jokatzeko eskatu die ataundarrei. Jende pilaketak ekiditeko eta musukoa erabiltzeko ere esan du, bide batez.
Beste auzoetan festarik ez dela egin, edo ekitaldiak murrizteko eta eserita jarraitzeko modukoak izateko eskatu zitzaiela, eta haiekiko «begirunez eta koherentziaz», denei 5.000na euro bideratu dizkie udalak.
SAN MARTIN JAIAK
GAUR
· Goizean. Meza.
· Gero. Salda eta 80 urtekoei omenaldia.
· 12:00. Txupinazoa eta buruhandiak.
· 17:00. Moto eta patinete karrera.
· 18:30. Patata-tortilla lehiaketa.
· 21:00. Afaria, karpan.BIHAR
· 10:30-13:30.Puzgarriak.
· 13:00. Kuadrillen juntadizoa.
· 14:30. Bazkaria, bertsolariekin.
· 17:00. Txokolatea, buruhandiak.
· 23:30.Brea eta Muxutruk.LARUNBATA
· 11:00.Umeen tailerrak.
· 11:00. Artzain txakur erakusketa.
· 12:00.Toka, Aizkoaten.
· 12:30. Buruhandiak.
· 13:30. Umeen bazkaria eta jolasak.
· 18:00. Mozorro desfilea.
· 19:00.Sagardo probatzea.
· 20:00.Kontzertua, Oargin: Kontuz.
· 21:00.Herri afaria.
· Gero.Helduen mozorro lehia.
· 00:00.Tirokatuak, Rodeo.IGANDEA
· 11:00-14:00.Artisau feria.
· 11:00-14:00. Argazki erakusketa.
· 12:30. Marrazki sariketa.
· 12:30. Kantu-poteoa.
· 17:00. Otsoak.