Ikertzaileak eta ekintzaileak igoko dira oholtzara
Lemniskata Zientzia Elkarteak, bertako ikerlariei eta ekintzaileei eskainitako saioa egingo du bihar, Igartzako jauregian.
Lemniskata zientzia sareak bertako ekintzaileei eta ikerlariei euren esperientziak elkarbanatzeko aukera emango die bihar. 19:00etan elkartuko dira, Igartzako Jauregian. Sarrera librea izango da.
ANE DORRONSORO
Dorlazka kooperatibako sortzailea eta zuzendari gerentea da. Marisol Lazkanoiturburu amarekin batera sortu zuen, aurtengo martxoan. Ingurumenean eragina duten enpresei aholkularitza eta formakuntza zerbitzuak ematen dizkiete. Egoitza Beasainen dute kokatua.
Dorronsoro geologian lizentziatua da, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Italiako L’Unibersita di Urbinoren bidez. Hainbat graduondo ere egin ditu. Geoinformazioaren analisiaren ingurukoa eta ingurumenean eta iraunkortasunean espezializazioa, besteak beste. Artikulu zientifikoak ere argitaratu ditu.
AMAIA AIERBE
Orekan aholkularitza proiektu propioa martxan jarri zuen duela bi urte, Zumarragan. Elikadura jasangarriaren inguruko aholkularitza eta sentsibilizazioa eskaintzen ditu, elikadura-sistema eta jasangarritasuna uztartuta.
Aierbe aurretiaz elikaduraren munduan lan egindakoa da, lehen sektorean, bereziki. Gipuzkoako Erlezainen Elkartean egin zuen lan. Dietetikan eta elikaduran diplomatua da (EHU).
CRISTINA LOPEZ
Bio NC enpresa sortu eta bertako arduraduna da. Nanocelulosa ekoizten dute. Beasainen dago kokatuta enpresa.
Diseinu grafikoa eta publizitatea ikasi zuen Donostiako Diseinu eskolan. Enpresen kudeaketaren inguruko ikasketak ere baditu.
OIER LOPEZ DE LA CALLE
Informatikan dokotrea da Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik. Bere ikerketa arloa Adimen Artifizialean eta Hizkuntzaren tratamenduan oinarritu da. IXA taldean eta HITZ ikerketa zentroan diardu. 45 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu.