Negukoak ugaritzen, udakoak urritzen
Lehen pak txoi azak eta greloak ekarri dituzte Ordiziako azokara; hotzarekin laster desagertuko diren piper, leka eta abar ere bai oraindik.
Joan zen ostegunean Aizkorri zuri agertu zen, atzo goizean izotza toki askotan. Ordizian 6 gradu ziren goizeko 10:30ean. Egunak motzak eta geroz eta argi ordu gutxiago. Negu giroa San Martin bezperako ferian. Berogailu eta guzti etorri ziren Uliako Labeako postukoak. Ondo jantzita etorri beharra dago hemendik aurrera. Hotz hau produktu batzuentzako girorik egokiena da. Atzo ere nobedade batzuk izan ziren: greloak eta pak txoi azak esate baterako. Greloa hemen ez da hain ezaguna baina erosle jakinak laster eraman zituzten Baliarraingo Irabiazpikoek ekarritakoak. 10:00etarako saldu zituen. Pak txoi aza, berriz, azken urte hauetan geroz eta ezagunagoa da. Ekoizpena txikia da oraindik baina poliki-poliki animatzen da jendea probatzera. Nafarroako kardoa eta orburuak beheko arbolarian eros daitezke.
Sagarretan, atzo Fuji izenekoa sartu zen eskaintzaren zerrendan. Idiazabalgo Kalbariokoa 3,5 euroan kiloa, Arantxa Zurutuzaren postuan, gordina jateko ona, gozo puntukoa.
Jon Etxeberria erlezaina oso ondo hartu dute azokako lagunek, haren eskaintzaren zain asko zeuden seinale.
Giro berezia sentitzen da azokan ere, saltzaileek TicketBAI delakoak kezkatzen ditu. Postuen kokapena ere asko aipatzen da, ea berriz plazak lehengo itxura hartuko ote duen edo ez. Asteroko gorabeherei dagokionez, hainbat saltzaile eta bezeroei jasoa da hau:
«Ferian giro sanoa nahi dugulako. Aire librean denez, feria honetan, eta neguan bereziki, baldintza zailak jasaten ditugu: hotza, euria, korrientea… Jendea atzeratzen duten aldagaiak. Azken hilabete luze hauetan, distantzia mantentzeko inolako arazorik ez da. Zoritxarrez. Jende gehiago estimatuko litzateke merkatuko martxa sanoaren alde. Aldiz, barnean eta pilan aplikatu ohi diren neurriak inposatzen dira, maskara esate baterako. Bete ezean, bete arazteko neurri zorrotzak ezartzeko prest dira udaltzain batzuk. Legea bete araztea erdaraz emandako argudioa. Feria honetan hitzak eta irribarreak trabarik gabe eskaini nahi dizkiogu elkarri eta lasai eta gustura etortzeko gogoa berreskuratu nahi dugu».