Ampo Ordiziak dei berezia egin die zaleei, biharko derbirako
Larunbat arratsaldez jokatuko dute Altamiran, Gernikaren aurka. Kanpoaldean txosna ere jarriko dute, partida girotzeko.
Azkeneko asteetako atsedenaren ondoren, bueltan da errugbiko ohorezko mailako liga. Partida oso berezia izango da gainera; euskal derbia jokatuko da Ordizian. Ampok, Gernika taldea hartuko baitu etxean.
Bihar, 16:00etatik aurrera, Gernika taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak, Altamira gotorlekuan. Ligako bosgarren jardunaldia izango da, eta bisitariei aurre egiteko gogor egin dute lan Ampoko mutilek.
Baina horrez gain, zaleen babesa ere eskatu dute, euskal derbia irabazi ahal izateko. Aste honetan sare sozialen bidez zabaldu duten bideoan, Ordizia Rugbiko hainbat jokalarik, Julen Goia Ampo Ordiziaren kapitaina tartean, Altamirara gerturaturatzeko gonbita luzatzen dute. Altamirako harmaila bete nahi dute, zaleen bultzadarekin beste garaipen bat lortzeko etxean.
Errugbi jardunaldi hau festa bat ere badenez, 15:00etatik aurrera, taberna zabalik egongo da Altamirako aparkalekuan. Musikarekin ere girotuko dute errugbiaren festa hau.
Moyua Goierrik atsedena
23 urtez azpiko Moyua Goierri taldeak, pasa den asteburuan jokatu zuen derbia Hernaniren aurka, garaipen oso zabala lortu zuelarik (42-0).
Asteburu honetan, atsedena izango dute eta hurrengo asteburu, Aparejadores de Burgos taldearen aurka jokatuko dute, etxetik kanpo.













